Nicole Cooke garaile Elgetan; Bira Häuslerrek irabazi du

Edu Mendibil 2010ko eka. 12a, 22:37
Lanbroa ezaguna du Nicole Cooke galestarrak eta bera izan da zapatu goizean, euripean, ondoen moldatu dena. Pekingo Joko Olinpikoetan, errepideko proban, urrea eskuratu zuen txirrindulariak aise irabazi die bere aurkariei Elgetako helmugan.

Ordurako Cookek (Swansea, 1983) ez zuen aukerarik Emakumeen Bira irabazteko, baina ez zuen nahi Euskal Herritik alde egitea gutxienez garaipen partzial bat eskuratu barik. Erakustaldi bikaina egin du Cookek.

Hainbat urtez Biratik kanpo egon ondoren, antolatzaileek Elorrio eta Elgeta arteko erlojupekoa (5,9 km.) berreskuratu dute aurten eta espero zen bezala erabakigarria gertatu zen zapatu goizeko etapa. Claudia Häusler (Cervelo) eta Judith Arndt (HTC Columbia) alemanak berdinduta iritsi ziren zapatuko hitzordura, egueneko eta egubakoitzeko etapak jokatu eta gero. Iaz ere protagonista berdinak izan zituen Emakumeen Birak; Arndtek 17 segundogatik nagusitu zitzaion orduan Häusler herrikideari. Arndt, 34 urtekoa, Häusler baino bederatzi urte zaharragoa da. Txakur zaharra. 12 segundo atera zizkion Häuslerri Elgetako erlojupekoan eta ia-ia erabakita utzi zuen lasterketa. Arratsaldean jokatutako sektorean, Iurreta eta Zuia arteko etapan (78,5 km.) Marianne Vosek irabazi zuen esprintean eta faboritoen artean ez zen diferentzia aipagarririk izan.

Baina domekako azken etapan (Orduña-Orduña, 125 km.) Van Bleuten iritsi zen ihes eginda, Häusler 46 segundora eta gainerako faboritoek lau minututik gora galdu zituzten. Häuslerrek eraman du Bira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak