Nahikari Gabilondo sailkatu da final laurdenetarako Elgetako kanporaketatik

Irati Agirreazaldegi 2007ko urr. 7a, 00:22
Jokatu berri dira Gipuzkoako Bertsolari txapelketako lehen faseko azken kanporaketak. Bertsotan Debagoieneko bi ordezkarik jardun dute: Eñaut Uriarte bergararrak Elgetan eta Jokin Labaien arrasatearrak Getarian.

Espaloiko taula gainean Uriarterekin batera Manu Goiogana, Egoitz Alkorta, Alaia Martin, Xabi Astigarraga eta Nahikari Gabilondo izan ziren.
Saioa oso gorabeheratsua izan zen Elgetakoa. Amaieran puntu gehien lortu zituen Nahikari Gabilondok ia saio osoan barrena oreka mantendu zuen arren, gainontzekoek lan batean edo bestean huts egin zuten.
Zortziko nagusian saioari ekiteko indar pixka bat falta izan zitzaien gehienei. Txikian, entzuleen parreak eragin zituzten hainbat bertsok: Egoitz Alkorta eta Eñaut Uriarte parranda eta lige kontuetan ipini zituen gai jartzaile Iker Iriartek eta umoretik jo zuten. Bide beretik heldu zioten zortziko txikikoari Alaia Martinek eta Xabi Astigarragak. Hauek  bikotea ziren eta mutila janaria gertatzen hasita erre egin zitzaion.
Hamarreko txikian tonu serioagoa hartu zuen saioak baina entzun zen ideia politik.

Kartzelakoa
Bi punturi erantzun behar izan zieten lehenengo. Ondoren hiruna bertso bota zizkioten denek gai berari. "Polizia zara. Gaur zure eginkizunak bukatu eta gustura bueltatu zara etxera", esan zien gai jartzaileak. Polizia lanetan denak baina bakoitzak jardun ezberdinean ipini zuen bere burua. Egoitz Alkortak polito jardun zuen baita Alaia Martinek ere eta saioko bere bertsorik onenak ez izan arren Nahikari Gabilondok ere lan txukuna egin zuen kartzelakoan. Lanak amaituta hasierako agurrean aipatu zuen modura semaforoa berde ipini zitzaion hurrengo fasera pasatzeko. Elgetako saiotik bera izan zen aurrera egin zuen bakarra.

Uriartek lehen aldia zuen txapelketan eta urduritasuna medio hainbat huts egin zituen arren, gustura jardun zuela esan zigun.

Labaien txukun
Getarian zuen kanporaketa Jokin Labaien arrasatearrak. Lan txukuna egin ostean, bere saioko bigarrena izan zen baina ez du aurrera egingo Getariako puntuazioak beste saio batzuetakoak baino baxuagoak izan baitziren.

Final Laurdenak
Hortaz, ibarra ordezkatuz bertsolari bakarra izango dugu final laurdenetan: Ainhoa Agirreazaldegi elgetarra, hain zuzen ere.
Urriaren 27an izango da Agirreazaldegiren txanda. Eibarko Coliseo Antzokian 18:00etan.
Ibarrean txapelketako hurrengo saioa Eskoriatzako final erdia izango da azaroaren 17an 18:00etan kiroldegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak