Mozorro gauak emango die hasiera, aurten ere, Ferixa Nagusiko jaiei

NereaMenor 2010ko eka. 30a, 13:02
Hasteko, umeak olinpiadetan murgilduko dira eguen arratsaldean.

Mozorrotuta hasiko ditugu jaiak Elgetan. Urtero moduan, mozorro jaitsiera 19:30ean hasiko da Salbador kaletik Herriko Plazaraino.
     Aurretik, baina, haurrek hasiera emango diete jaiei. Umeendako jokoak 17:00etan hasiko dira. "Adin guztietako umeentzako jolasak izango dira", dio Rebeka Uberak, Udaletik. Aurtengo gaia olinpiadak izango dira; beraz, ospakizun horien inguruan antolatu dira joko guztiak. "Abiadurazko lasterketa moldatua antolatu dugu eta altuerazko jauzia. Ura erabiltzen den hainbat kirol-joko ere bai eta beste hainbat gauza", adierazi digu Uberak.

Koloreekin jantzi

Olinpiadetan moduan, taldeka parte hartuko dute haurrek. Horretarako, koloreekin janzteko dei  egin du Udalak. "Jolasak egiteko ume bakoitza kolore batez jantzi behar da. Adibidez, urdin guztiz. Zerbait erraza: praka luzeak edo motzak eta kamiseta bat". Jaia osatzeko, maskota propioa izango dute Elgetako olinpiadek, desfilea ere egingo dute eta agertu gabe geratu ezin daitekeen zuzi olinpikoa.
     Udalak, guraso eta inguruko lagunek antolatutako jolasak izaten dira jai hasierako horiek. "Iazko ekintzek arrakasta handia izan zuten. Espero dugu aurten ere horrela izatea", dio Rebeka Uberak.
     Bi ordu jolasean eman ondoren, mozorro jaitsiera hasiko da. 19:30ean Salbadortik Ustekabe txarangarekin mozorrotutako elgetar guztiak jaitsiko dira. Plazara iritsitakoan, alkate txikiari emango diote agintea eta brindisarekin hasiera ofiziala emango zaie aurtengo ospakizunei. Ondoren, buruhandiak herritarren atzetik ibiliko dira plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak