Mikel Urrutikoetxeak eta Kerman Galartzak irabazi zituzten txapelak eta eskopetak

Mireia Bikuña 2008ko uzt. 5a, 16:33
Urdin kolorea nagusitu zen atzo gauean jokatutako Elgetako Lau t'erdiko Txapelketako finaletan. Izan ere, txapeldun berriek gerriko urdinarekin jokatu zuen; hain zuzen ere, Kerman Galartza kadete mailan, eta Mikel Urrutikoetxea, 23 urtez azpikoen mailan. Xabier Urbieta eta Ugaitz Renobales menderatu zituzten, hurrenez hurren. Amaieran zaleen txalo zaparradarekin jaso zituzen sari nagusiak; besteak beste, txapelak, eskopetak eta diru-sariak. Sari banaketa ekitaldian egon ziren Pilota Federazioko eta Euskal Telebistako ordezkariak, Elgetako alkate Oxel Erostarbe eta kirol zinegotzi Rebeka Ubera, esaterako.

Elgetako pilotalekua lepo bete zen txapelketako finalak ikusteko, eta lau finalisten jarraitzaileen animuek harmailak girotu zituzten. Urrutikoetxearen eta Renobalesen jarraitzaileak izan ziren zaratatsuenak.

Lehen hamar tantoak, gorriak

Oso interesgarriak izan ziren egubakoitz gauean jokatutako bi finalak. Lehen-lehenik kadete mailako finala jokatu zuten, Xabier Urbietak eta Kerman Galartzak. Lehen sakea Urbietak egin zuen, eta berehala jarri zen aurretik markagailuan, hasierako hamar tantoak jarraian egin zituen-eta. Haietatik, lau tanto sakez egin zituen. Urbietak egindako pasa bati esker egin zuen lehen tantoa Galartzak, eta handik aurrera, markagailuari buelta eman zion poliki-poliki. 13-3 aurreratu zen Urbieta, baina partiduko berdinketa bakarra lortu arte (17-17), Kerman Galartzak 17-7ko partziala egin zion Urbietarik.
Pilota aldatu zuen Galdakaoko pilotariak, eta 21. tantoa jarri zuen markagailuan. Dejada bati esker egin zuen Urbietak 18. tantoa, baina ordurako nekatuta zegoela ikusi zuten pilotalekuan zeuden zaleek. Azkeneko tantoa urdin kolorekoa izan zen.

Abantaila, hasieratik

Txapela janzteko hautagai nagusirik ez zegoela irten ziren kantxara Mikel Urrutikoetxea eta Ugaitz Renobales. Nagusien lehia kadete mailakoaren antzera hasi zen: Urrutikoetxea 11-1 aurreratu zen markagailuan. Harmailan zeuden lagunen animuak jaso arren, Renobalesi kosta egiten zitzaion tantoak egitea. Dena den, lau tantora murriztu zuen aldea, eta 14-10 jarri zuen markagailuan. Tarte horretan Urrutikoetxea nahiko urduri egon zen. "Hasieran hartutako abantailak lasaitu egin nau, baina gero jokoa nahastu egin da, eta Ugaitzek halako txapelketetan duen esperientziarekin, partiduan sartu da", esan zigun txapeldunak amaieran.
Bi pareta baten bidez, 17-15 jarri zuen markagailua Renobalesek, baina pasa batekin, sakez egindako tantoarekin eta dejada batekin berriro zabaldu zuen tartea Urrutikoetxeak (20-15). Garaipenak ihes egiten ziola ikusita, Ugaitz Renobalesen jarraitzaileak gogotik hasi ziren animatzen. Norgehiagoka bukatu aurretik, beste bi tanto egiteko gai izan zen Alegiako pilotaria. Baina, txapela janzteko eskubidea ematen zion azken dejada, Mikel Urrutikoetxeak egin zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak