Manolo Montiel elgetarrak Gipuzkoa osoan txakurrei ateratako argazkiak ipini ditu ikusgai Espaloian

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko aza. 28a, 16:00
Gipuzkoa osoan barrena ibili da txakurrei argazkiak ateratzen. Mila kilometro eta 135 argazki egin ditu. Egindako lana, orain, Espaloian erakutsiko du abenduaren 1etik aurrera.

Zenbat herri ditu Gipuzkoak?
87, eta Donostiarekin 88. Ez nituen erdia ezagutzen, eta askoren izenak guztiz ezezagunak zitzaizkidan.

Txakurrak eta argazkilaritza. Zaletasunak dituzu?
Argazki-kamera berria erosi nuen, eta probatzea nahi nuen. Mutrikun nengoen eta lehenengo argazkiak txakur batzuei atera nizkien. Horrela otu zitzaidan Gipuzkoa osoan barrena txakurrei argazkiak ateratzeko ideia.

Zer ikusiko dugu Espaloian?
Herri bakoitzeko txakur bat ipiniko dut bere deitura, arraza eta herriaren izenarekin. Eta eskualdeka antolatuko ditut jendeak herriak koka ditzan.

Herri handietan eta txikietan izan zara. Txakur mota aldatu egiten da?
Bai. Herri handietan modako txakurrak dituzte. Baserrietan, berriz, artzain txakurraren ordez boder colliak ikusi ditut.

Nola erreakzionatzen du txakur jabe batek ezezagun batek txakurrari argazkia ateratzeko baimena eskatzen dionean?
"Zu zara txakurraren jabea?", honela galdetzen nuen. Gozatu egiten nuen, gainera. Jabeen lehenengo ustea zen, beti, txakurrak gaiztakeriaren bat egin zuela. Nire asmoen berri ematerakoan, ordea, aurpegiak aldatu egiten ziren. Batzuk harrituta, beste batzuk jakin minarekin...

Eta txakurrek? Erraza da txakur bati argazkia egitea?
Egia esan, asko mugitzen dira, eta argazki asko atera behar izan ditut bat egokia lortu arte.

Hurrengo Bizkaia, ala?
Ez, momentuz jendeak erakusketari zein harrera egiten dion ikusi nahi dut. Herri gehienetan erakutsi nahiko nuke egindako lana. Ea horrela den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak