Maiatzeko hirugarren aste bukaera magikoa izango da Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko api. 15a, 13:55
Espaloiako magia denboraldia zabaldu du Anthony Blakek aste bukaeran, izan ere Elgetako antzokian dagoeneko gertu dute III. Magia Mostra. Maiatzaren 16an, 17an eta 18an egingo dute Magia Mostra Elgetan. Hiru egun horietan mundu mailan ospe handiko hamaika mago bertatik bertara lanean ikusteko aukera egongo da herrian.

Gala barikuan, maiatzak 16

Aurreko bi edizioetan egin zuten moduan Mostrako lehenengo bi egunetan mago bakarreko ikuskizuna eta Magia Gala antolatu dituzte. Aurten, baina, ordena aldatu egin dute. Aurreko urteetan ez bezala barikuan, hilak 16, Magia Galak zabalduko du Mostra. Elgetan dagoeneko ezaguna den Morrison magoak egingo ditu aurkezle lanak. Galan, gainera, lau aktuazio ikusteko aukera egongo da. Bertan izango dira Andy Gonzalez madrildarra, Ilva Scali frantziarra eta Argentinatik Mirko eta Brando & Silvana bikotea. Diziplina oso ezberdinak jorratzen dituzte, beraz, denetarik ikusteko aukera egongo da Gala horretan. Barikuan, 22:30ean emango diote hasiera ikuskizunari.

Izarra, Migue magoa

Zapatuan, maiatzak 17, karta jokoak egiten maisua den Migue Magoa izango da Espaloian. 2007an munduko magorik onenaren saria eskuratu zuen Miguek karta jokoen diziplinan.

Domeka eguerdian, azkenik, kaleko magia egingo du Justo Thaus ilusionistak. Flikto izeneko ikuskizuna ekarriko du Elgetara, txikiendako eta nagusiendako erakargarria den   muntaia. 12:45ean hasiko da   funtzioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak