Maiatzean hasi gura dituzte lanak haurreskola berrian

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko martxoaren 28a

Udalak ZB enpresari esleitu dio proiektua idazteko lana, eta asmoa da haurreskola berria 2009ko urtarrilean zabaltzea. Hamar hilabete beharko dira oraindik ere Elgetako haurreskola berria zabaltzeko.


Proiektua idazten hasi aurretik, bilera egin zuten haurreskolaren diseinuan jardun duen herritar taldeak, Gipuzkoako haurreskolen koordinatzaileak eta ZB enpresako ordezkariek.  Haurreskolak arautegia bete behar du, eta, Elgetakoa hasieratik egin behar denez, aurreratzeko aukera ere badago. Aldaketak iragartzen dira arautegi horretan, eta horietara egokitzeko aukera ere badago, beraz.  Proiektuan lanean dihardu orain ZB enpresak, eta lehenengo zirriborroa idazterakoan beste bilera bat deituko dute alde guztiek prozesua gertutik jarraitzeko aukera izan dezaten. "Gauzak aurreikusitako epean joanez gero, espero dugu lanak maiatza bukaeran esleitzea", adierazi du hezkuntza zinegotziak, Rebeka Uberak.

Inaugurazioa, urtarrilean

Udalaren asmoa da egitekoak diren lanak abenduan bukatzea eta Gabonetako oporrak leku aldaketa egiteko aprobetxatzea: "Gura genuke haurrak urtarrilean hastea haurtzaindegi berrian", esan du Uberak.
Torrealdeko etxebizitza babestuen eraikinetako batean dago Udalak haurreskola zerbitzura egokitu nahi duen aretoa. Bertan, hiru gela edo espazio egitea aurreikusten dute: bi haurreskola zerbitzurako prestatuko dituzte, bata 0-1 urte bitarteko umeendako eta bestea 1-2 urte bitartekoendako; hirugarren espazioa erabilera askotariko gela izango da. Espazio horretan Udalak ludoteka eta gazteleku zerbitzuak eskaintzea aurreikusten du. Izan ere, gaur egun, zerbitzuak horiek kultura etxean daude.

Ludoteka eta gaztelekua

"Ludoteka astean dago zabalik eta herritar askok erabiltzen dute", esan du Uberak. "Gaztelekuarekin ere oso pozik gaude, 32 gaztek erabiltzen dutelako aste bukaeretan". Udalak zerbitzu horiek mantentzeko asmoa agertu du: "Herritarrek erabili egiten dituzte zerbitzu horiek eta ikusten dugu herrian horien premia dagoela".
Bi zerbitzu horiek Torrealdeko erabilera askotariko gelara eramango ditu Udalak: "Proiektu bat lantzen ari gara zerbitzu biak hartuko dituen espazioa nola egokitu erabakitzeko. Jarraitu beharreko irizpideak eta lan ildoak finkatu behar ditugu", azaldu du Uberak.

Haurreskola, beteta

Uneotan, Herri Eskolan dago Elgetako haurreskola. Bi hezitzailek egiten dute bertan lan, eta hamar umek erabiltzen dute zerbitzua. Zerbitzua zabaldu zenean kopuru hori ez gainditzea onartu zen, kontuan hartuta aretoaren tamaina eta ezaugarriak zeintzuk diren. Esan daiteke, beraz, haurreskola handitzeko beharra dagoela herrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak