Maiatzera arte itxaron beharko da Elgetako Espaloiako jaialdi bereizgarriena den Magia Mostra hel dadin. Azken orduko aldaketarik ezean, maiatzeko bigarren aste bukaeran egingo da VI. Magia Mostra. Oraindik denbora dezente falta bada ere, ekimen horren barruan sartzen den magia ikastaro bihar hasiko da. Espaloiak hainbat mago eta ilusionista ditu lagun eta horri esker, horietako bat prest agertu da haren ezagutzak partekatzeko.
Jose Angel Suarez ilusionistaz ari gara, magiaren munduan 25 urte daroatzan adituari buruz, hain zuzen. Gainera, 11 urtez izan da magia irakasle. Esandako moduan, zapatuan hasiko da ikastaroa eta, bi hilabetez, zapatu goizero ordu eta erdiko saioak emango ditu Suarezek (11:30-13:00). Irakasleak aditzera eman duenez, magia zaletasuna bultzatzea eta hastapeneko oinarrizko trikimailuak irakastea da ekimenaren helburua. Suarezek honakoa uste du-eta: "Magia ez da egun baterako zaletasuna, bizi osorakoa baizik".
15 lagun asko jota
Oraingoz hamar lagunek eman dute izena. Suarezek 15 ikasle gura ditu asko jota, dioenez, klaseak "martxa onean" joan daitezen. Gogotsu dago elgetarrekin bere ezagutzak partekatzeko.
Azkenik, Suarezek ezin izan du Magia Mostraren gainean ezer aurreratu. Itxaron egin behar.