Intxorta 1937 taldeari adjudikatu dio Elgetako Udalak 1936ko gerraren beka. Aurkezpen ona egin dutelako, "lehendik ere lan asko egin dutelako, dokumentazio asko bilduta dutelako eta bestetik, metodologia aldetik Euskal Herriko eta Espainiako artxibo ezberdinetako materiala ateratzeko asmoa dutelako" erabaki du Udalak beka talde horri ematea, Edurne Alberdi turismo zinegotziak azaldu duen moduan.
Euskarri ezberdinak
Alberdiren esanetan lan txukuna aurkeztu du Intxorta 1937 taldeak, eta bekaren laguntzarekin egin gura dutena ere garrantzitsua da. "Liburu bat argitaratu asmo dute, nobela grafiko itxura duen liburu bat. Bestalde, 1936ko gerra bizi izan zuten elgetar batzuen testimonioak jasota dituzte dagoeneko, baina gelditzen direnen bizipenak entzuteko eta grabatzeko asmoa ere badute. Ahozko bilduma horrekin, DVD bat ateratzea pentsatu dute, gainera. Hori guztiaz gain, komiki bat egitea ere aztertu dute".
Apirila arte
Aurkeztutako lana egiteko epea apirilean bukatuko zaio Intxorta 1937 taldeari. "Martxoa, apirila bitartean egin behar dute lana. Denbora gutxi da baina oinarrizko lanak, minimoak, behintzat, data horren barruan aurkeztu beharko dituzte. Lan osoa egiteko denbora gehiago beharko dute, aurrerantzean ere lana egin beharko dute aurkeztutakoa egiteko, baina hasierako epea horixe da, apirila bitartekoa", dio turismo zinegotziak.
Ahalik eta gehien jakin
12.000 euroko beka jaso du Intxorta 1937 taldeak 1936ko gerran gertatutakoak jasotzeko. Horietatik 8.000 euro Jaurlaritzak jarri ditu eta gainerako 4.000 euroak Elgetako Udalak. "Udalaren asmoa da ahalik eta gehien ezagutzea eta jasotzea gerran gertatu zenari buruz, harrez gero jaitako belaunaldiek ere jakin dezaten zer gertatu zen", adierazi du Edurne Alberdi zinegotziak.