Leire Basauri: "Irisgarritasun neurriak direla-eta lanak hastear ditugu Ozkarbi elkartean"

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko urt. 15a, 15:29
Ez dio aparteko garrantzirik eman gura, baina Elgetako elkarte batean presidente kargura iritsi den lehenengo emakumea da. Laster utziko du kargua, hilaren 21ean egingo duten batzar orokorrean.

Zer moduz joan dira gauzak?
Urtebete egin dut karguan, eta normal joan da guztia. Karguak dituen ardura arruntekin. Ozkarbiko bazkide guztiak, txandaka, zuzendaritza batzordeko kide izatera deituak gara. Nire lehenengo urtean presidenteorde izendatu ninduten, bigarrenean presidente. Izendatua izan bezain pronto lehenengo emakumea nintzela esan zidaten. Hortik aurrera ez dut bestelako komentariorik entzun.


Herrian jende gehien mugitzen duen elkartea da Ozkarbi.

Zalantza barik. 260 bazkide eta 156 erretiratuk dute elkartea erabiltzeko eskubidea. Herri erdik du Ozkarbirekin lotura bat edo beste.

Ze gai izan duzue mahai gainean agintaldi honetan?

Beheko solairuan komuna egingo dugu. Obra potoloa da. Elgetako erretiratuen elkarteak gurean du egoitza, eta irisgarritasun neurriak direla-eta hastear ditugu lanak. Akordio batera iritsi gara elkartea, Udala eta eraikinaren jabea den Baserritarren kooperatiba.

Ume umetatik egiten zineten Ozkarbiko bazkide lehen. Orain, zein da joera?
Ozkarbin dantza taldea zegoen garaiko kontuak dira horiek. Badira urte batzuk talde hori desegin zela. Gauzak aldatu egin dira ordutik. Orain ere gure bazkideen artean badaude umeak, baina gutxiengoa dira.

Sail asko ditu gaur egun Ozkarbi elkarteak?
Pilota saila, erretiratuen elkarteak gurean du egoitza, eta orain bazkide batzuen gogo eta ekinari esker sortu berria da Ozkarbi Mendi Taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak