Lehenengo Motor Jaiak zarata atseginez bete ditu herriko kaleak

Txomin Madina Milikua 2008ko eka. 16a, 00:46
Asteburu guztian zehar, Euskal Herri osotik eta baita kanpotik ere etorritako motorzaleak Elgeta izan dute topaleku. Kontzertuak, ibilaldiak, bazkari-afariak... Ez dute aspertzeko astirik izan.

Indar handiagoko edo txikiagoko motorrak, larruzko txupak, kaskoak... Baina batez ere umore ona eta txoko ezberdinak ezagutzeko gogoa. Horiek guztiak bildu ditu asteburu honetan Elgetan egin duten Lehenengo Motor Jaiak. Euskal Herri osotik  etorritakoez gain, Kantabriatik eta Hueskatik ere hurbildu dira motorzaleak Elgetara jai honetan parte hartzeko.

Zapatua izan zen egunik arrakastatsuena, izan ere, egun osoko ekintzetan parte hartzeko  izena batzuk eman bazuten ere, askoz gehiago izan ziren eguraldi onak bultzatuta. Elgetara hurbildu ziren motorzaleak.

Bizkaia eta Gipuzkoa

Motorzaleen topaketa batek baina, ez luke zentzu gehiegi izango motorrak geldi egongo balira, eta hala, antolatzaileek bi ibilbide prestatu zituzten.

Zapatuko ibilbideak, Bizkaiko lurretara eraman zituen motorzaleak: Elgetatik Elorrio eta Berrizera egin zuten lehenengo, eta han Aspe inguruan ibili ostean, Kanpanzartik Elgetara itzuli ziren.
Domekan berriz, Debagoienean zehar ibili ziren: Arrasate eta Bergarara joan ziren hasteko handik, Angiozarko bidea hartu zuten Elgetara bueltatzeko.

Antolatzaileek adierazi zutenez, ibilbide hauekin askotan hain ezagunak ez diren parajeak erakutsi nahi izan dituzte, Aspe eta Angiozar esaterako.

Rock-and-rolla Gaztetxean

Hiru egunek askotarako eman dute: egubakoitzeko bola-joko txapelketa, zapatuko akrobazia ikuskizuna... Eta nola ez, baita  rock-and-rolla ere. Motorzaleak eta herritarrak, denak gerturatu ziren Gaztetxera Dune Buggy, The Fever eta Fision Boyz taldeak ikustera.

Herritarren parte-hartzea

Antolakuntza lanetan ibili den Geaxi Ezpeleta motorzale elgetarrak adierazi digunez, oso gustura daude lehenengo jai honek eman duenarekin, eta kanpoko motorzaleak ere halaxe joan direla uste du. Gaineratu du, euren helburua zela jaia ez izatea soilik motorzaleena, elgetar guztiena baizik.  Zentzu horretan, asmoa bete dutela adierazi du Ezpeletak, esanez jende asko ibili dela motorren inguruan eta antolatutako ekintzetan. Oraindik baina, ez dute erabaki datorren urtean berriz egingo duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak