Lau t'erdiko ETB kantxa saria pilota txapelketak jendea erakarri du Elgetara

Miren Arregi Amasorrain 2009ko api. 12a, 17:41
Eguaztenean hasi ziren Elgetan ETB Kantxa pilota saria txapelketaren lau t'erdiko pilota partiduak, eta gaur, domeka, amaitu dira, lau egunotan 19 partidu jokatu eta gero. 19 partidu eta 38 lagun, guztiak ere gazteak; 23 urte azpiko eta kadete mailako mutikoak guztiak. Oskarbi pilota sailak antolatutako pilota txapelketak egubakoitzean jarraituko du kanporaketekin, eta finala, uztailaren 3an egingo da.

"Guztia antolatu bezala igaro da, ez dugu ezusteko txarrik izan eta ongi atera dela esango nuke. Jendea Bilbotik ere etorri da egunero partiduak ikustera. Aste Santuan elizara joaten ez direnentzat beste aukera bat da" dio Juan Luis Uberak, Elgetako Oskarbi pilota saileko arduradunak.

ETB Kantxa pilota saria txapelketako kanporaketak eguaztenean hasi zituzten Elgetan, eta esan moduan, bost egunen buruan, 19 partidu jokatu dira. Gehienak izan dira 23 urte azpiko kategoriako partiduak; hala ere, gaur goizean, Kadete mailako partiduak ere jokatu dira. 38 gazte beraz, Elgetan, lau t'erdiko pilota txapelketan nor baino nor. Parte hartzaileen artean, Debagoiendar bakarra; Kadete mailako kanporaketetan aritu da Urrutia, Aretxabaletako pilotaria. Hark, baina, ezin izan du txapelketan aurrera egiteko txartelik lortu, 22 eta 3 galdu baitu pilota partidua.

ETB kantxa saria pilota txapelketan aurrera egin duten eta maila oneko jokalariak direla erakutsi duten pilotariak, honakoak: eguaztenean aurrera egitea lortu zuten, esaterako, Narbartek eta Ansotegik; eguenean, Arzelusek eta Galarzak; egubakoitzean, Jaunarenak eta atzo, Mendinuetak eta Urberuagak. 

Partidu guztiak jokatu dira Elgetako pilotalekuan, eta aipatu bezala, Bilbotik ere etorri dira egunero Elgetara partiduak ikustera. Egubakoitzean, apirilak 24, jarraituko dute Elgetan ETB Kantxa saria txapelketako kanporaketekin. Final laurdenak ekainean jokatuko dira, eta final handia, berriz, uztailaren 3an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak