Gaztaina Erre Eguna egingo du barikuan, hilak 16, Elgetako gaztetxeak. Azaldu dutenez, 19:00etan aterako dute lehenengo gaztaina tanda danbolinetik. Gauerako Emetik bertso-kabareta dute iragarrita Udalaren eta Kutxaren babesarekin. Iratxe Ibarrak, Onintza Enbeitak eta Oihane Pereak saio esperimentala egingo dute taberna giroan 22:30ean hasita. Jarraian, Jone bakarlariak hartuko du lekukoa. Kaleratu berri duen Kateak izeneko bigarren lana aurkeztera dator Anoetarra. Sarrera doan izango da kasu bietan.
Espaloian bi hitzordu
Oi! musika zaletuek zapatuan, hilaren 17an dute hitzordua Espaloian. Hiru talde arituko dira azkenean antolatzaileen esanetan: Donostiako Plan B, Hernaniko Afonia eta Ondarroako Jonnie Gerriwelt.
Umeendako, berriz, Pizti Hezlea izeneko antzezlana ekarriko dute domekan, 17:30ean Aitziber Garmendia, Idoia Sanchez eta Kepa Errasti antzezleek antzokira. Iluntasuneko piztien hezle bihurtuko da Eider beldur guztiak behingoz alde batera utzita.