Diputazioak kalitate txarreko aglomeratua bota duela salatzen dute. "Oso aglomeratu txarra bota dute", esan du Enrike Ormaetxea auzotarrak. "Hemen lanean ibili zen langile batek esan zidan azken hogei urteotan ez dutela aglomeratu hori inon bota. Ez dakit zergatik bota duten hemen; nire ustez, aprobetxatzearren edo". Ormaetxeak dio aglomeratua lehertu egiten dela, batez ere, pisu handiko ibilgailuekin.
Auzoko sarrera, okerren
Zorua altxatuta dago Larrabiltzearra auzoko bidean, leku bat baino gehiagotan. Arazoa auzoaren sarreran ikusten da argien. "Traktoreak ibiltzen dira sarri bide honetan. Asko dira, gainera, auzoaren sarrera buelta emateko erabiltzen duten kamioiak. Ibilgailu horien joan-etorriek lehertu egiten dute zorua, eta eskatzen dugu Diputazioak bidea esandako moduan lagatzea", esan du Ormaetxeak. "Gainera, alkateari esan diot errepide horren titularitatea ez onartzeko, Diputazioak bidea behar den moduan konpontzen duten arte".
Udalak bilera eskatu du
Elgetako Udalak bilera eskatu du Diputazioarekin udal aparejadorearen informeak ere arazoak antzeman dituelako bide horretan. Laster egitea espero dute.