Martitzenerako igarrita zegoen elur, txingor eta haize ekaitzak ez du, azkenean, aparteko eraginik izan gurean. Egunotan, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak alerta egoeran izan dituzte elurra kentzeko hainbat makina. Elgeta inguruan, bi ekipo egon dira alerta egoeran Kanpanzarren eta bat Karabietan. Ekaitza ez da uste bezain gogorra izan eta lan gutxi izan dute.
Udala ere alerta egoeran
Udalak ere hartu ditu bere neurriak eta martxan ipini zuen elurraren gaineko protokoloa. "Ez du elur asko egin eta ez da azkenean inongo arazorik sortu", adierazi du udaletxetik Juan Ramon Irazabalek. "Elgetan elurrik genuen ala ez galdezka pare bat dei jaso ditugu, baina besterik ez. Kanpotik zetozen kamioi gidariek eskatu dute informazio hori". Aurrera begira, Udalak mila kilo gatz erosi ditu eta pilatuta dauzka biltegian. Behar izanez gero gehiago erosiko dute.
Euria aspaldiko partez
Berandu iritsi da aurten negu giroa. Aurreko urtean urtarrilaren 23an bota zuen lehenengo elurtea. Gogoz bota zuen eta berehala zuritu ziren bazterrak. Aurten, udaberri giroa izan dugu martxora arte eta urteko lehenengo bi hilabeteetan euri gutxi egin du. Egunotako euriak mesede egin die zelai eta ortuei. "Txingor apur bat ere egin du, baina gutxi", esan digu elgetar batek. "Ortuak eskertuko du euria, aspaldiko partez".