LAB sindikatuak deituta eta Recydeko langile baten kaleratzea salatzeko kontzentrazioa egingo dute bariku eguerdian, hilak 12, herriko plazan. Zuzendaritzaren portaera salatu du sindikatuak bere esanetan kaleratzea "inolako aurre-abisurik eman gabe" egin delako eta "jakinarazpena emateko modu bortitzarengatik".
LAB sindikatuaren salaketak
Azaroaren 27an kaleratu zuten Recydetik lantokian hamar urte enpresan lanean zeramatzan langilea. "Inolako aurre-abisurik eman gabe eta langile horren aurkako frogarik gabeko salaketekin", esan dute sindikatutik. " Jakinarazpena emateko modua ere nahiko bortitza izan zen", argudiatzen dute LABetik. "Asteko lanaldiaren azken unean kaleratze gutuna ematen zioten, dirua epaitegian izango zuela adierazi eta bere gauzak hartzeko eta lantegia usteko esan zioten inolako arrazoirik kasu egin gabe".
LABek uste du enpresak krisia erabili duela aitzaki moduan. "Horrelako kasu gero eta gehiago ematen ari dira inguruko enpresetan. "Azken 15 urteotan sekulako irabaziak izan dituzten enpresak, bi hilabetez krisiaren eraginak jasan orduko, langileen aurkako neurriak hartzen hasi dira. Azkenaldiko urte oparo horietan poltsikoak majo bete dituzte, langileekin gogoratu gabe eta gerrikoa estutzeko orduan langileei sakrifizioak eskatzen dizkiete garai oparoak heltzen direnean berriro poltsikoak betetzen jarraitzeko".
Recydeko zuzendaritza
Recydeko zuzendaritza ez dator bat LAB sindikatuak egindako salaketekin. "Ez dugu jarrera bortitza izan baizik eta irmoa eta atzera buelta bakoa" adierazi dute. "Ez da errespetu faltarik egon". Langile hori kaleratzeko arrazoi diziplinazko argudiatu dituzte. "Espediente bat baino gehiago zituen zabalduta langile horrek. Ez dago gure proiektuarekin identifikatuta eta ez zen lanera jarrera on batekin etortzen", adierazi dute. Gaineratu dute egoera ekonomikoa ez dela batere ona. "Nahikoa arazo dauzkagu horrela. Ezin gara ibili horrelako pertsona baten jarrerarekin tiraka eta kaleratzeak ez dira egoera atsegina inorendako".