Zirkulazioarendako bidea itxita dago Kataian. Amaral de Sousa enpresako beharginak arkupean dabiltza lanean eta gutxienez bizpahiru egun beharko dituzte amaitzeko. Ur-hoditeria berria ipinita dago frontoi pareraino. Salbador kaleko urbanizazio lanetan hoditeria guztia berrituko dute datozen hilabeteetan. Zirkuitu guztiak, ordea, Kataiako arkupean egiten du bat. Lotura hori egiten ari dira egunotan beharginak.
Atzerapenarekin hasi dira lanak, izan ere udaletik esan digutenez baimen baten zain egon dira orain arte. Indusketa lanak ere zertxobait luzatu dira.
Aldaketak zirkulazioan
Kataia itxita egongo den egunotan zirkulazioa Salbador kalera eta saihesbidera bideratuko dute. Arkupeko lanak egin ostean Elkoro botikatik Lasao kalera arteko tartean arituko dira beharginak. Ordurako, atzera ere zabalik egongo da bidea Kataian. Salbador kaleko urbanizazio lanak sei edo zazpi hilabete iraunpena izango dutela jakinarazi dute Udaletik. Aurrekontua 427.906 eurokoa da.