Gakoa, irteeran
Zapatu goizean euria egin zuen arren, emakumezkoen lasterketa hasterako ateri zen. Edozelan ere, ibilbideko tarte batzuetan lokatza zegoen. Hain zuzen, ibilbideari bost itzuli egin zizkioten, guztira 3.000 metro.
Bada, zapatuko probaren gakoa irteeran egon zen: "Irteera txarra egin dut. Ez dut arriskatu nahi izan", azaldu zigun Muxikak: "Irten eta segidan jaitsiera bat zegoen. Hala, erorketaren batean ez egoteko, lasai irten naiz. Eta Ruth Mollek eta Rocio Gamonalek aurrera egin dute".
Hortaz, Jone Muxikak lehia estua izan zuen hirugarren tokia eskuratzeko. Elgetako txirrindulariarekin, Aida Nuño asturiarra eta Isabel Castro galiziarra lehiatu zuten brontzezko domina eskuratzeko:
"Lehenengo itzulia oso txarra izan da, zazpigarren tokian nengoen-eta; baina handik aurrera nire burua hobeto ikusi dut eta lehian egon naiz Nuñorekin eta Castrorekin". Txapelketa bukatzeko bi itzuli falta zirela utzi zituen Muxikak atzean bi aurkariak. Hala, 47 segundo aurretik sartu zen helmugan Elgetako txirrindularia. Haien aurretik, urrezko domina eskuratzeko lehia Mollen eta Gamonalen artean egon zen. Bi txirrindulariak eskutik iritsi ziren helmugara; eta urrezko domina Ruth Mollek jantzi zuen.
Errelebuka
Aste bukaeran Burgosen jokatu den Espainiako txapelketako berrikuntza erreleboka jokatutako proba izan zen. Selekzio bakoitzean kadete, junior, emakume, beterano, elite eta 23 urtez azpikoen ordezkari bana lehiatu zen.
Euskadiko selekzioko ordezkariak izan ziren: Jone Muxika, Jon Mazaira, Felipe Cotera, Iñigo Quintano, Gorka Izagirre eta Unai Yus. Hala, Euskadiko txirrindulariek urrezko domina jantzi zuten; Asturias eta Kantabriako selekzioak sailkatu ziren hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren tokietan.
Erreleboka jokatu zen lasterketako lehenengo bi errelebutan Euskadi lehenengo tokian pasa zen; bada, hirugarren itzulian, Asturiasek aurrera egin zuen. Hala, azken bi itzulietan lehia gogorra egon zen Euskadi, Asturias eta Kantabriaren artean. Gorka Izagirrek eta Unai Yusek egin zituzten Euskadirendako azkeneko bi errelebuak. Azken itzulian, Yusek ez zuen arazorik izan lehenengo tokian sartzeko.