Jone Muxika: "Ziklo krosera itzuli berria naiz eta gustura nago Espainiako txapelketan egindako lanarekin"

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko urt. 16a, 21:37
Mendi bizikletan eta ziklo krosean eman zituen txirrindularitzan lehenengo pausoak Jone Muxika txirrindulariak. Lesio bat tarteko utzi egin behar izan zuen eta osatzerakoan errepidea aukeratu zuen. Aurten, atzera ere ziklo krosean lehiatzea erabaki du eta Espainiako Txapelketan brontzezko domina lortu du.

Pozik egindako lanarekin?
Bai, noski. Hobea izan leikezan, baina txarragoa ere bai. Egia esan irteera oso txarra egin nuen eta oso  atzean irten nintzen. Lehenengo itzulia atzetik ibili nintzen. Kosta egin zitzaidan aurreratzea  zuhaitz artean pasatzea zaila zegoen-eta. Mentalki nahiko gaizki ikusi nuen nire burua. Ahal zena egitea erabaki nuen orduan eta nahiko ondo amaitu nuen azkenean. Aurrera egin nuen eta hirugarren sailkatu nintzen.

Bigarren aldia zenuen Espainiako Ziklo kros txapelketan?
Arantza txiki bat kendu dudala esan daiteke. Aurreko aldean, lehiatik baztertu ninduen lesioarekin hasi berria nintzen. Ez nuen proba gustura egin. Oraingoan, sensazio hobeekin joan naiz. Gaizki hasi nintzen baina...

Pozik beraz esperientziarekin?

Bai. Maila handia izaten da, kanpoko jendea etortzen da lehiatzera. Maila eta esperientzia handiko jendea. Urteak daramate lehiatzen. Onak dira.

Ziklo krosera itzuli berria zara. Pozik hartutako erabakiarekin?
Errepidean aritu naiz azken urteotan eta aurten, atzera ere ziklo krosean nabil. Berandu hasi nintzen txirrindularitzan, 28 urterekin. Mendiko bizikletan eta ziklo krosean lehiatzen nintzen. Lesio bat tarteko laga egin behar izan nuen. Osatutakoan errepidera itzuli nintzen. Aurten eman dut pausoa eta gustura nabil.

Etorkizunera begira emaitza honek zer ekar dezake?
Zoritxarrek ezer gutxi. Hirugarren postu batekin eta emakumezkoetan dagoen lasterketa gutxiekin... ezer gutxi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak