Jone Muxika, Euskadiko ziklo kros txapelduna

Mireia Bikuña 2008ko urt. 7a, 10:15
Elgetako txirrindulari Jone Muxika Euskal Herriko ziklo kros txapelduna da, abenduaren 30ean Bermeon jokatutako lasterketa irabazita. "Egia esan, gustura bukatu nuen lasterketa", esan digu Muxikak, "eta gustura jantzi nuen txapela". Halaber, elite mailako mutilen lasterketa David Secok irabazi zuen.

Denboraldi ona

Bada, Bermeoko txapelketa ez da Elgetako txirrindulariak denboraldian irabazi duen lasterketa bakarra, aurretik Osintxun egindako proba irabazi zuen-eta. "Denboraldi ona egiten nabil, iaz egindakoaren antzera; eta, onena da, oraindik ez dela bukatu. Gauza asko egin behar ditut oraindik denboraldi honetan".

Gipuzkoako txapelketa ere eroan zuen. Abenduaren 6an, Asteasun jokatutako  txapelketan, halako probetan onenen artean dagoela erakutsi zuen txirrindulari elgetarrak.

Espainiako txapelketa

Esku artean duen hurrengo erronka, zapatuan, Burgosko Villarcayo herrian jokatuko den Espainiako ziklo kros txapelketa da. Sasoi puntu onean dago elgetarra. "Ni asmo guztiekin noa Burgosera. Sasoi puntu onean nago, eta, aurreneko postuetan egoteko esperantza daukat", azpimarratu digu elgetarrak.

Zirkuitua ezagutzen duela aitortu digu, "ia laua da, tarteka zuhaitzen bat ere badago". Hiru kilometro inguruko ibilbidea izango da, eta gune teknikoa izango du. "Zati teknikoan eskailera batzuk igo beharko ditut, eta erreka bazterreko harrien gainean ere ibili beharko dugu", azaldu digu. Edozelan ere, txapelketa hauetan "maila oso ona" egoten dela azpimarratu digu Muxikak; "pozik nago Burgosko proban parte hartzearren; iaz, ezin izan nuen Espainiako txapelketan parte hartzerik izan, justu proba baino aste batzuk lehenago lesionatu egin nintzen-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak