Jone Muxikak denboraldi bikaina egin du ziklo-krosean. Gipuzkoako txapelduna, Euskadiko txapelduna, brontzezko domina Espainiako txapelketan eta urrezko domina Espainiako selekzioen arteko errelebu proban... horiek guztiak lortu ditu. Gainera, bestelako 14 lasterketa irabazi ditu.
Hala, Elgetako Txirrindulari Elkarteak eta Udalak merezitako omenaldia egingo diote domekan, hilak 10. Bi ordu eta erdiko bizikleta irteera antolatu dute herriko txirrindulariendako, 09:30ean Herriko Plazatik irtengo dena. Umeendako, berriz, Asentziorainoko bizikleta irteera eta jolasak prestatu dituzte ermita inguruan.
Omenaldia 13:00etan egingo diote Espaloian. Bazkaria ere egingo dute. Jendetsua izango da; izan ere, izena emateko azken eguna eguaztena zen eta 80 bat pertsona daude aurreikusita.
Jone muxika, oso pozik
Muxikak esan du oso pozik dagoela herriak egingo dion omenaldiarekin. "Niretako Elgeta berezia da denerako. Ez dizkizute horrelako omenaldiak edozein lekutan egiten", adierazi du. "Egia esan, asko ahalegindu naiz eta kostata lortu ditut egindako emaitzak. Herria konturatzea eta omenaldi bat egitea beti da eskertzekoa".
Pertsona umila da Muxika, eta urduria ere bai. Esan digu omenaldia egitekoak zirela esan ziotenean ez zuela bere burua paper horretan ikusten. Orain, gero eta urduriago dagoela esan digu: "Zerbait xumea izango zela uste nuen, baina ikusten nago jende askok eman duela izena bazkarirako, eta urduritzen hasita nago".
Goizeko bizikleta irteeran parte hartuko duela esan digu: "Lagunarteko buelta izango da".