Jolastoki estaliaren proiektuan Gotzaindegia oztopo ez izatea espero du Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko aza. 2a, 00:07
Domingo Iturbe patronatuaren eraikinean umeendako jolastoki estalia egin gura du Udalak, eta negoziazioak martxan daude.

Aurreko astean herritarrei aurkeztutako Birgaitze planaren aldaketa proposamenak argi uzten du egungo udal gobernuak guztiz baztertuta daukala Domingo Iturbe patronatuaren eraikinean mendi museoa egitea. "Pentsatzen dugu mendi museoa baino leku horretan hobeto dela eskolako umeendako jolastoki estalia, aparkaleku bat, eta gazteendako erabilera anitzeko gelak egitea", adierazi zuen Oxel Erostarbe alkateak eguenean Goiena telebistako Goiena Magazinea-n egindako elkarrizketa batean.
    Gurasoen eta eskolaren urteetako eskaera dela adierazi du Erostarbek, eta jakinarazi du proiektua hainbat erakundetara aurkeztu dutela finantziazio bila. Berez, Gipuzkoako Foru Aldunditik dagoeneko baieztatu dute 43.000 euroko dirulaguntza emango dutela egitasmo horretarako.  "Pausoak ematen ari gara beti ere pentsatuz Gotzaindegia ez dela eragozpen izango eraikin hori herrira etortzeko", argitu du alkateak.
     Zentzu horretan eraikinaren jabe den Domingo Iturbe patronatuko kide Juan Cruz Juaristi parrokoarekin dagoeneko bi edo hiru bilera egin izana ere onartu du Erostarbek. "Prest egongo ginateke eraikina eta ingurua behar den moduan ipintzeko, beti ere haren jabetza herrira pasatzen bada".

Segurtasun neurriak

Eraikina egoera txarrean dago eta alkateak esan du hirigintza teknikoa eraikinaren gaineko azterketa egiten ari dela. "Besteak beste eraikinaren jabeari esateko zelan dagoen, eta zein neurri hartu behar dituen aurreko astean gertatutako berriz ez gertatzeko".

Negoziazioetan

Bere egunean Elgetako parroko Juan Cruz Juaristik, bere aldetik konfirmatu egin zuen negoziazio horiek martxan daudela. "Udala eraikinean interesatuta dago", adierazi zuen, "eta harremanetan gaude. Eskatzen diogu akordio batera iritsi bitartean inguru horretan segurtasun neurriak hartu ditzan", esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak