Javier Buces: "Topatzekotan, bala-zorroak edo antzekoak topatuko ditugu"

Leire Kortabarria 2009ko irailaren 24a

Intxortako fronteko lubakiak, babeslekuak eta kokapen estrategikoak pixka bat bistarago daude. Planimetria amaitutakoan, hau da bertatik bertarako datuak hartzea amaitzen dutenean, hiru dimentsioko planoa egin nahi dute Aranzadiko kideek.

Aurreko astean hasitako garbiketa lanek eman dituzte lehenengo emaitzak. Hiru gune estrategikotan lanean ibili dira, eta lubakiei eta atzeguardiako babesleku bati ere itxura har dakieke dagoeneko. Gerrako fronte haren inguruan Elgetako Udalak egiten diharduen Gerra Zibila Euskal Herrian: ibilbide tematikoa Intxortaren magalean izeneko proiektua egiteko lehen pausoak eman dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteko bi lagunek eta boluntario ibili diren bost bat herritarrek, fronteko gune batzuk garbitzen ibili dira-eta.
     Garbiketa lanak uste baino bizkorrago bukatu dituzte, horiek zuzentzen ibili den Javier Buces Aranzadiko arkeologoak dioskun moduan: "Herritarrek ondo erantzun diote laguntza deialdiari; gainera, guk tresnak genekartzan arren, nork berea ekarri du etxetik". Lehenengo fasea bukatuko da planimetria bukatzen denean; hau da, bertatik bertarako datuak hartu –lubakien eta bestelako guneen neurriak, sakonera, luzera…–, ordenagailuan sartu eta hiru dimentsioko planoak egin. "Tresna zehatzena da hori; planimetriatik abiatuta, dena berregin daiteke, eta ordenagailuan ikuspuntu desberdinetatik ikusi", dio Javier Bucesek.

'la belga'-ren bila

Gero, bigarren fase bat etorriko da: benetan Intxortako frontea zena berreraikitzea. Ez da frontea bere xehetasun guztiekin berreraikiko; izan ere, lan eta dirutza eskerga da hori. Hezkuntza edo dibulgazio aldetik interesgarria dena berreraikiko da, gune zehatz batzuk –gotorlekuak, lubakietako leku konkretuak– berreskuratuz. Orain arte hiru gune garbitu dituzte: Los Toldos izenez ezagutzen den parapeto bat (goiko argazkian), Elgeta eta Kanpanzar batzen dituen bidea jarraituta; tiratzaile-postu esanguratsu batzuk; eta, hirugarren, La Belga izeneko metrailadorearen euskarria eta haren inguruko babeslekua. Hirugarren hori berreskuratzea oso garrantzitsua izango da, metrailadore hark izan zuen garrantziarengatik; baina oraindik ez dute lortu hura zehazki kokatzea: "Metal-bilatzaile tresna bat ekarriko dugu, eta, ze munizio erabiltzen zen jakinda, lekua mugatzen saiatuko gara. Arazoa da denboran iraun duen egiturarik ez dagoela; dena egurrez eginda zegoen, hormigoizko ezer ez zen egin, eta lur-eremua asko aldatu da urteotan: pinudiak landatu dira, herriko umeek zuloak aprobetxatzen zituzten jolasteko…", azaltzen du Javier Bucesek.
     Garbitu duten lur zatian, lubakiak eta gudariek erabiltzen zituzten bideak igartzen dira, eta, Los Toldos jarraituta, Partaittiko gotorlekua ere bai; bidearen errebuelta bat aprobetxatuta egin zuten hura, atzeguardian.

Komeni da lanak luzaroegi ez etetea

Intxortako ibilbidea proiektu handia da eta ahalegin ekonomiko handia eskatzen du. Ez lanek eurek bakarrik; esaterako, ibilbideak hartzen duen lur-eremuko zati garrantzitsuenetako bat Udalak erosi du; beste lursail bat eta bidea igarotzen den zati pribatua erabiltzeko baimena eman diote jabeek Udalari, baina frontea egon zen eremua oso zabala da, lubaki kilometroak, jateko tokiak, metrailadoreen kokalekuak, gorde lekua eta hainbat toki garrantzitsu daude, baina lurrak pribatuak dira orain, eta Udalari horiek jabeei erostea ezinezkoa egiten zaio, beste erakunde batzuen laguntzarik gabe. Gero, beharrezkoa izango da pinuak botatzea eta aurrelan bat egitea berreraikitze lanak hasi aurretik. Komeni da lan horiek luzaroegi ez etetea: Javier Bucesek dioen moduan, "sei hilabete edo gehiago geratzen bada, landaretza berriz haziko da".
     Emaitzak merezi izango du, Aranzadiko arkeologoak dioskun moduan: "Dena garbi ikusi arte ezin dezakegu benetan gure buruan irudikatu zelakoa zen bizitza han, eta zelakoa izan zen negu oso bat han ematea. Eta dena berriz eraikitzen denean, are gehiago".
     Elgetako zinegotzi Edurne Alberdik gogorarazten duen moduan, "ibilbidea bera helburu turistiko batekin egiten da, bai, baina, hori baino gehiago, helburua da gogora ekartzea eta ez ahaztea zelako sarraskia eragin zuten Francoren inguruan zebiltzan faxistek". Memoria historikoa betirako gordetzea, alegia; eta horretan, Udalak Intxorta 1937 elkartearen laguntza dauka. Gernikarekin eta Bilboko Burdinazko Gerrikoarekin batera, Elgetako ibilbideak Euskal Herrian gerra frankistak izan zuen eragina ulertzen lagunduko du.

"Gurean jaten zuten gudariek"

Elgetako setioak sei hilabete luze iraun zuen, eta etsaiak hiru aldetik erasotzen ziharduen. Defentsan, gakoa izan zen La Belga izeneko metrailadore-habia, zuzenean Asentziora begira zegoena. Haren bala-zorroak aurkitzeko itxaropena dute Aranzadikoek; eta baliteke, lanek aurrera egin ahala, gerrako aztarna gehiago agertzea. Dena dela, Javier Bucesen esanetan, ez da aurreikusten giza-aztarnarik agertzea. "Topatzekotan, bala-zorroak edo antzekoak topatuko ditugu", esaten du.
Baina berreskuratzea ez da soilik materiala izango. Beharbada, Intxortako ibilbidea hasi da, pixkana-pixkana, bere helburua betetzen eta memoria historikoa astintzen. Espainiako Gerrako lekuko zuzenik baino gehiago, gerra haren ondorioen lekukoak bakarrik daude bizirik, edo gerra garaian umeak zirenak. Elgetako setioa bizi izan zutenen seme-alabak daude, eta ziur horietako askok ikusmin berezia dutela ibilbidea bukatuta ikusteko. "Bai, badaukat buelta bat emateko gogoa", diosku Larrabiltxo baserriko Dionisia Arantzetak; hark eta ahizpa Maria Doloresek amari entzundako gerrako kontuak dituzte gogoan. Etxea frontetik hurbil zegoen, eta gudariak eguneroko bizilagun bihurtu ziren: "Etxera etortzen ziren gudariak, eta jaten ematen zien amak", esaten du Dionisiak. "Horrelako baten, etxean jan ondoren, etxe aurrean agurtzen zeuden bi; halako baten, bonbak jo zituen eta bat zauritu egin zen, eta besteak bizkarrean hartu eta ondoko baserri baten zegoen medikuarengana eraman zuen", kontatzen du, gurasoei entzundako istorioa.
     Frontearen inguruan egonda ere, baserriak kaleko etxeak baino seguruagoak ziren; gogoratu behar da Elgetako kaleetan hainbat triskantza larri egon zirela. Hala, "kaleko jendea baserrietara etortzen zen, seguruagoa zelako", esaten du Dionisia Arantzetak; "etxe bakoitzean egongo ziren lau edo bost familia bizi izaten gerra garaian". Jakina, baserriak ere ez ziren kalte barik geratu: "Gure etxearen ondoko baserrira  leiho ondotik sartu zen bonba, eta esaten zuten logelako ohe-burua eta guzti apurtu zuela. Gurean ez; bakarrik teilatua konpondu behar izan zen", kontatzen du Larrabiltxo baserriko alabak.
     Seguru, hemendik eta proiektua bukatuta ikusi arte, antzeko istorioak ehundaka berpiztuko direla edonon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak