Iazko apirilean, España, una grande y libre eta Viva España leloak zituzten pintadak agertu ziren frankismoaren biktimen omenezko Intxortako Atea eskulturan, eta beranduxeago, Gora ETA eta Guardia zibil jota bertan hil zioten beste pintada batzuk. Guzti hauek ezabatzeko, Elgetako udalak 5515,43 euro bideratu zituen, eta biktimentzako iraingarriak diren pintadak direla argudiatuz, dirulaguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzari.
Honek baina, pintadak gaitzesgarriak direla uste arren, ukatu egin du dirulaguntza, eta Aralar alderdiak gogor kritikatu du erabakia. Aintzane Ezenarro legebiltzarkideak eta Oxel Erostarbe Elgetako alkateak eta Aralarren Gipuzkoako koordinatzaileak egindako agerraldian ausardia eta irmotasuna eskatu diote Eusko Jaurlaritzari biktimen alorrean defendatzen duen eta hartzen dituen konpromisoak ekintza konkretuetara eramateko.
Erostarbek esan duenez, gaur egun bai Elgetan eta baita Euskal Herriaren ere lekuz kanpo daude pintada horiek eta biktimentzako iraingarriak dira.
Biktimen artean, aldea
Aintzane Ezenarrok bere aldetik, azaldu du Elgetakoa bezalako adibideek argi uzten dutela, biktimen alorrean alde handia dagoela jaurlaritzak esaten duenaren eta egiten duenaren aurrean. Bere hitzetan, Jaurlaritzak biktimen artean bereizketak egiten jarraitzen du batzuei eta besteei tratamendu ezberdina emanez. Gaineratu du era berean, Terrorismoko Biktimen Legetik at geratu direla 1967 urtetik izandako 100 hildako baino gehiago, eta ez direla kontutan hartu frankismoko biktimen elkarteen eskaera eta aldarrikapenak.
Helegitea
Oxel Erostarbek iragarri du era berean, dirulaguntzak ukatu izanaren harira, helegitea aurkeztuko duela Barne Sailaren aurrean, eta bestela, Administrazioaren aurreko epaitegian.