Iraitz Bolinaga: "Futbol taldearekin jarraitu ala ez, asteon egingo dugu hori erabakitzeko batzarra"

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko eka. 4a, 12:32
Elgetako futbol taldeak amaitu du bere lehenengo denboraldia. Igoera txapelketa jokatzera heldu dira eta 4. postuan amaitu dute lehia hori. 22 jokalari ibili dira aurten taldean. Gutxienez, lau baja aurreikusten dituzte datorren urterako. Oraingo astean erabakiko dute bigarren denboraldia egingo duten ala ez.

Lehenengo denboraldia bukatu berri duzue. Zein balorazio egiten duzue? Kirol emaitzak onak izan dira?
Denboraldi hasieran finkatutako helburuak bete ditugu. Igoera txapelketarako sailkatzea zen erronka. Lortu egin dugu eta, zazpi taldetik, laugarren amaitu dugu txapelketa hori. Pozik gaude egindako lanarekin, bai.

Eta futbol taldeak sortu du jarraitzailerik Elgetan?
200 bazkide ditugu. Ez dago batere gaizki, kontuan hartuta Elgetan ez dela inoiz federatutako futbol talderik egon. Iruditzen zait, gainera, taldeak ilusioa piztu duela. Jendeak emaitzak jarraitu ditu. Kalean ere galderak egin dizkigu jendeak. Interesa agertu dute. Unbe futbol zelaira ere etorri dira gu ikustera. Ez gara kexu. Elgetarrek nahikoa laguntza eskaini digute.

Zer moduz moldatu zarete Unbeko futbol zelaian?
Elgetan, hobeto egongo ginateke, baina Unben aritu gara, eta gustura, gainera. Gertu dago, eta instalazio politak dira.

Denboraldi hasieran, arazo batzuk izan zenituzten entrenatzaileekin. Konpondu duzue kontu hori?
Hasieratik, Asier Castelos ibili da entrenatzaile lanetan. Laguntzaile bat eskatu zuen eta, azkenean, Bergarako David Acostak bete du lan hori.

Elgetako taldeak izango du jarraipenik hurrengo denboraldian?
Batzarra egingo dugu asteon hori erabakitzeko. Jarraituko dugula iruditzen zait niri; intentzioa, behintzat, badaukagu.
Lehenengo denboraldian, 22 jokalari aritu gara, 14 elgetakoak. Lauk esan dute dagoeneko utzi egingo dutela. Bergarako BTLS taldera doaz. Ikusteko dago gainerakoek zer asmo agertzen duten. Baina uste dut baietz, egingo dugula bigarren denboraldi bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak