Irailean hasi dituzte Torrealdean haurreskola berria egiteko lanak

Larraitz Zeberio Lekuona 2008ko ira. 25a, 22:14
Martxan diren egokitze lanok ia 300 mila euroko aurrekontua dute. Haurreskola egun eskaintzen dituen 10 plaza izatetik 23 plaza izatera pasako da.


Beharginak lanean dira Torrealdeako babes ofizialeko eraikinean. Haurreskola, ludoteka eta gaztelekua egin behar dituzte bertan. “Eragozpen larririk ez badago behintzat urte hasieran lanak amaituta egon beharko lukete”, adierazi du Oxel Erostarbe alkateak.
Herri Eskolako eraikinean kokatuta dagoen gaur egungo haurreskolak hamar ume hartzeko ahalmena du. Haurreskola berriak zerbitzu hori 23 umeri eskaintzeko aukera emango du. 
“Proiektua parte hartze prozesu batean definitu da”, adierazi du Erostarbek. “Bilerak haurreskolako irakasleekin, Juanjo Kintela adituarekin eta interesa agertu duten herritarrekin; bisitak Bergarako, Antzuolako, Hernaniko eta Gasteizko Ibaiondo haurreskoletara; monografiko bat... esperientzia aberasgarria izan da zalantzarik gabe”.

300 mila euroko aurrekontua

Lanon haurrekontua 298.707,83 eurokoa da. Kopuru horri proiektua idaztea (13.600 euro) eta lanen zuzendaritza (8.169,16 euro) gehitu behar zaie. Finantziazioan parte hartzeko Udala harremanetan dabil Aldundiarekin, Jaurlaritzarekin eta Kutxarekin.

Lau ikasturte Herri Eskolako eraikinean

Elgetako Udalak 2003an ireki zuen behin behineko haurreskola. Udalak, Haurreskolen Partzuergoak eta Herri Eskolak horrela adostuta haurreskola hori eskolako eraikinean kokatu zuten. Udalak, ordea, konpromisoa hartu eta hitzarmena sinatu zuen babes ofizialeko etxeak egindakoan haurreskola bertako baxuetan kokatzeko. “Gaur egungo haurreskola txiki geratu da”, adierazi du Oxel Erostarbe alkateak, “eta Udalarendako ezinbestekoa eta lehentasunezkoa da haurreskola zerbitzu egokia ematea. Horri gaineratu behar diogu eskola ere espazio gabezian dagoela eta espazio hori lehenbailehen bueltatu behar diogu”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak