Inauguratu dute haurreskola eta gazteleku-ludoteka berria

Leire Kortabarria 2009ko urr. 10a, 16:36
Gaur eguerdian inauguratu dute Torrealdeko haurreskola eta gazteleku-ludoteka berria. Elgetako alkate Oxel Erostarbek eta hainbat zinegotzik, Foru Aldundiko Gazteria Saileko eta Haurreskola Partzuergoko ordezkari banak moztu dute zinta eta erakutsi diete instalazioak hara joan diren herritar guztiei, adin guztietakoak, gainera. "Alaia" eta "ederra" iruditu zaie egoitza berria han izan diren elgetarrei.

Haurreskola eta gazteleku-ludoteka egoitza berean daude eta elkarri lotuta daude, baina bakoitzak bere sarrera dauka. Haurreskolan dagoeneko hasi dute ikasturtea bost umek, eta 20 bat umerendako lekua dago. Ordura arteko haurreskola Herri Eskolaren egoitzan zegoen, baina txiki geratu zen, "eta Udalarendako ezinbestekoa eta lehentasunezkoa" zen haurreskola zerbitzu egokia ematea. Horretara dator egoitza berria.

Bisita gidatua egin du Rebeka Ubera Hezkuntza zinegotziak: erabilera askotarako gela, sukaldea, bainugela, logela eta kanpoko jolaslekua ditu haurreskolak, eta, pasillo baten bidez, gazteleku eta ludotekari lotuta dago, horiek 10-16 urte arteko ume eta nerabeendako. Oraingoz psikomotrizitate gela moduan erabiltzen den beste espazio bat badu haurreskolak; oraingoz, 2 urtera arteko ume guztiak elkarrekin daudelako, baina, premia sortuz gero, 1 eta 2 urte artekoak gela horretan egongo lirateke.

Arduradunek azpimarratu dute instalazioon bidez haurreskolak zuen plaza kopurua bikoiztu egin dela, eta herritarrok parte hartu zutela haurreskolaren proiektua definitzeko.

Foru Aldundiko Gazteria Sailak, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Gazteria sailek eta Kutxak diruz lagundu diote proiektu horri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak