"Ikuslearen aurreko sentsazioak ikusteko ordua heldu da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko abe. 11a, 10:37
Espaloian joko du bihar, zapatua, (22:30) Garik (Legazpi, 1964) '16 Lore' diskoaren lehen kontzertua. Migel Moyanorekin batera dator, esan duenez, "oso gogotsu". Sarrerak, aurrez 8 euro eta leihatilan bertan, 10.

Bada arrazoi berezirik 16 Lore diskoaren lehen kontzertua Elgetan jotzeko?
Ez, horrela suertatu da. Baina nire herritik gertu dago eta gustura nago Elgetan joko dugulako. Oso ondo datorkit Elgetan zein inguruko herrietan jotzea. 

Espaloia Kafe antzokian egondakoa zara, ezta?
Bai, ezagutzen dut aretoa. Oso ondo dago eta sinestezina da halako paraje batean halako areto dotore bat aurkitzea. Ez da batere arrunta, ez dakit nola lortuko zen eraikitzea. Luxu bat da, aprobetxatu beharreko luxua.

Ez zatoz bakarrik. Zein izango da agertokiko zure bikotekidea?
Diskoan nirekin buru belarri izan den Migel Moyano eta ni gatoz. Eta gero Aitor Oñederra ere igoko da, irudiak zuzenean sartzeaz arduratuko dena.
Hainbat makina eta tramankuluz inguratuta egongo gara eta muntaia txikia izango bada ere, konplexua izango da.

Zer esan gura duzu konplexua izango dela diozunean?
Entseguetan ikusten ari gara ordenagailu eta bestelako tramankuluekin ez dela batere erraza errepertorioa ondo bideratzea. Ez da erraza horri guztiari forma eman eta modu dotorean aurkeztea.
Ezin da ahaztu, gainera, halako tramankuluak zuzenean erabiliko ditudan lehen aldia izango dela. Eta ez hori bakarrik, bikote moduan eskainiko dugu kontzertua. Eta orain arte ez naiz ausartu bira bat edo disko bat aurkezteko emanaldia bikote moduan eskaintzera. Baina beno, probatzen ari gara eta lan handia egin dugu horretan.

Hortaz, probak ondo al doaz?
Baietz esan behar... Hala ere, Elgetako kontzertuaren bezperan (atzo) behin betiko proba eta aurre estreinaldia egingo dugu Mungian, entseatzen ari garen lekuan. Izan ere, erabiliko dugun material guztiak ondo funtzionatuko duela ziurtatu behar dugu. Finean, Espaloira igo aurretiko badaezpadako proba izango da. 

Errepertorioaren aldetik, zerbait aurreratzerik bai?
Emanaldiak bi zati izango ditu. Ez dira zati itxiak izango, baina zati bateko kantuek ordenagailuaren laguntza izango dute eta beste zatiko abestietan, berriz, ez dugu ordenagailurik sartuko.

Emanaldiak 16 lore diskoa izango du oinarri. Sorpresarik egongo al da?
Sorpresa bat litzateke zuzenean ordenagailua edo bestelako tramankulu bat izorratzea... (barreak). Ez, baina sorpresa handiena izango da bai Moyanok eta bai nik barruko sentimenduak ikuslearengana ondo bideratzea, bion artean. Bestela, emanaldiak indar gabe geratzeko arriskua izango du. Baina beno, alde horretatik lan asko egiten ari gara eta konfiantza handia dugu elkarrekin gaudenean.
Baina hori kontzertua amaitzean esango didazu...

Erronka berri honen aurrean gogotsu, beraz.
Bai, bai. Oso gogotsu. Entseguetan ikusten ari gara gauzak ondo doazela eta forma polita ari dela hartzen. Orain arte gustura sentitzeko adina lan egin dugu, eta orain ikusleari aurkeztu eta sentsazioak are hobeak diren ikusteko ordua heldu da.

Esan ditzagun bi hitz diskoaren inguruan. Oso barrutik irtendako proiektua izan da, ezta? Biluztu egin al da Gari?
Bai, hala da. Aurrez pentsatu gabeko gidoi edo bide barik irten den diskoa da. Bat-bateko ideia baten haritik hasi nintzen eta intuizioa gidari, nire errepertorioaren bertsioak egiten hasi nintzen. Bai, biluztu egin naizela esan daiteke nire kantu horietan intentsitatea eta espresioa emateko beharrezkoa egin zaidalako nire burua ispiluaren aurrean jarri eta biluztea. Daukadana ematea, finean. Alde horretatik bai, biluztu egin da Gari.

Azkenik, ez da oso ohikoa norberaren kantuen bertsioekin disko bat ateratzea...
Ez da oso ohikoa ez. Eta uste dut alde horretatik diskoak baduela ausardia puntu garrantzitsu bat. 

Diskoa

Espero barik loratu diren '16 Lore'

Gariren 16 Lore diskoa bestelako proposamena da. Diskoaren sorkuntza eta ekoizpen prozesuak lagundu du lan berriaren bizitasuna areagotzen. 16 Lore oso modu naturalean sortu baita, aurrez prestatu barik. Lanaren elaborazioan parte hartu duten musikarien lanak eta emari kolektiboak diskoaren garapena eta azken emaitza markatu dituzte hasieratik: akustikoan grabaturikoa eta oinarrizko soinu naturalak erabiliz, sekulako indarra transmititzen du. Orainaldiaren ikuspegitik oroimenean sakontzen duen bilduma honetarako hamasei kantu berritu dira, hainbat moldaketa eta xehetasun landuz. Azkenean, entzulearentzat harrigarria suertatzen da eta ezustean harrapatuta geratzen da. Lore guztiak estudioan grabatu dira, Gasteizko Artium museoan Patti Smith kantariarekin batera grabaturiko Nire gu berriarekin kantuaren bertsioetako bat –kantu horrek bi bertsio ditu– izan ezik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak