III. Magia Mostra: primeran ibili ziren magoak, ikuskizuna eta umorea uztartuta

Naroa Etxebarria 2007ko mai. 7a, 12:48
Barre algara eta txalo artean pasa da Elgetako Espaloia Kafe Antzokiko hirugarren Magia Mostra. Ikusleak, beste behin, aho zabalik geratu dira, eta magoak paregabe egon dira. Urteroko magia hitzordu bilakatzeko bidean da Elgetako Mostra. Aste bukaeran bizi izandakoaren ostean, hala izan dadila!

Egubakoitzean hasi zen ikuskizun handia, Suitzatik etorritako Roberto Giobbirekin. Ordu beteko emanaldian, izugarri ondo uztartu zituen magia klasikoa eta modernoa, guztia umorez blaitua. Kartomagian handienetakoa dela argi utzi zuen, egindako trukuen ostean. Antzokia ez zen guztiz bete, baina hurbildu ginen guztiok ez genuen ezpainetatik irribarrea kentzerik izan. Hainbat hizkuntza erabiliaz, eta ikusleen kolaborazioarekin, boladan pasa ziren oholtza gainean eman zituen 60 minutuak.

Zapatuan, hainbat mago

Magia gala izan zen zapatukoa, eta bost mago espainiarren ikuskizunak ekarri zituzten gure artera. Goraino bete zen antzokia, eta guztiak aseta geratu ziren ikusitakoarekin.

Antzezle lanetan ibili zen Murphy magoak umore zertzelada eman zion gauari. Eragindako barreengatik, gaueko mago onenetakoa izan zen, askorendako, asturiarra. Bere lanean lagundu zion taula gainera igotako publikoak. Kolaboratzaileak ez zitzaizkion falta izan.

Nacho Diago ilusionista valentziarrak egin zuen salto oholtza gainera gero. Flexo bat lagun hartuta, harridura sortu zuen Elgetan. Aurrez, inoiz edo gutxitan ikusitako trukua egin zuen; originala, beraz. Valentziarraren interpretazioa ere azpimarragarria izan zen egindako bi ateraldietan. Airearen gainean eserita geratu zenekoa ere ezin ahaztu dezaket. Aterkiak aitzakia, eta musikaren laguntzaz, sketch polita egin zuen.

Luis Manuelen manipulazio lanak txundituta utzi zuen Espaloia. Hiru gitarrista flamenkoren laguntza izan zuen bere ikuskizunean zehar. Kartak maisuki erabili zituen esku artean, etengabe agerraraziz eta desagerraraziz. Horrenbeste sorta nondik atera zituen erantzuteko gogoarekin geratu beharko dugu, magoek ez dituzte sekula euren sekretuak argira ematen-eta. 

Raul Alegriaren txanda iritsi zen ostean. Emanaldi koloretsu eta ikusgarria egin zuen, zapi atzetik ateratako uso eta guzti. Paperean egindako marrazkitik, esne botila eta edalontzia atera zituen, eta esnearekin jolasean aritu zen gero. Soilik begiratuta, esnea edalontzitik bonbilla barrura pasa zuen. Begi aurrean gertatzen ari zena ezin sinistu geratu zen publikoa.

Yunkek itxi zuen gala. Ikuskizun oso bisuala eskaini zuen taldeak; pena, soinu arazoren bat izan zela tartean. Burua moztu zioten neskari, bikotea segundo baten lekualdatu egin zen, eta gizakion zentzumenak noraino irits daitezkeen ere frogatu zuten.

Domekan, kalean

Domekan, kalera irten zen ikuskizuna, batez ere umeen gozamenerako. Guztiarekin, asteburu magikoa izan da Elgetan. Hurrengo urtera arte, teloia jaitsi da berriz. Orain hiru urte hasitako esperientzia magikoak ez dezala amaierarik izan!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak