Idoia Iriarte: "Aurreko astean hasi gara Elgetako lehenengo bezeroak artatzen"

Larraitz Zeberio Lekuona 2009ko mar. 26a, 18:43
Hortz klinika zabaldu berri du Idoia Iriarte odontologo elorrioarrak Torrealdean. Ekainean beteko dira 18 urte Bergaran kontsulta zabaldu zuela. Aurrerantzean, Elgetan ere egingo du lana. Vicky Gonzalez erizainaren laguntzarekin artatuko ditu elgetarrak.

Elgetan kontsulta zabaltzera animatu zara. Zergatik?
Elgetan ez dago hortz klinikarik, eta denbora daukadanez erabaki dut herrian kontsulta zabaltzea. Ordutegi moduko bat antolatu dugu, baina gauzak zelan doazen ikusita erabakiko dugu gure jarduna zenbatekoa izango den. Momentuz, Vicky erizaina astelehenetik eguenera egongo da Elgetako kontsultan 17:00etatik 19:00etara. Hitzorduak hartu, jendearen kontsultak artatu, tratamendu puntualak egin… Hori izango da bere lana asteko egun horietan. Ni, printzipioz, eguazten arratsaldeetan egongo naiz Elgetan eta behar izanez gero eguen goizetan ere bai.


Zein tratamendu mota egiten dituzu?
Odontologia orokorra egiten dut: endodontzia, protesiak, zorroak edo fundak, zubiak, hortz estetika, garbiketak, hortzetako enpasteak, hagin berregiteak, haginen ateratzeak… Datorren urtetik aurrera, gainera, Eusko Jaurlaritzaren Padi izeneko programan sartu nahiko nuke. 7-14 urte bitarteko umeendako programa berezia da, eta izena emanda nago dagoeneko.

Hasi dira honezkero lehenengo bezeroak Elgetako kontsultara hurbiltzen?

Bai. Kontsulta prest genuen martxo hasierarako, baina lehenengo bezeroak aurreko astean artatu ditugu. Aurrerantzean Torrealdean aurkituko gaituzte, 2. zenbakian. Ni neu ez banago ere Vicky erizaina bertan aurkituko dute arratsaldero astelehenetik egunera bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak