Ibilaldia egin dute Elgetan 1937ko frontean hil zirenak omentzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2008ko apirilaren 28a

1937ko apirilaren 24an jausi zen Elgetako frontea eta urteurrena ospatzeko eta orduan hil zirenak omentzeko, mendi txangoa eta lore eskaintza egin zuten domeka goizean Elgetan. Jesus Gutierrez historialariak gerraren eta orduko egoeraren eta gertaeren azalpenak eman zituen ibilbideko gune seinalatuetan, "ez delako gauza bera gertaera horiek liburuetan irakurtzea edo bertatik bertara ikustea".

Bost geldiune

Ibilaldia plazatik abiatuta egin zuten eta hantxe, plazan, eman zituen lehen azalpenak Julio Gutierrezek. Gerraren hasiera nolakoa izan zen azaldu zuen han. "Gerraren hasiera ezin daiteke ulertu Errepublika kontuan izan barik. Gipuzkoan Eibarren eta Elgetan eutsi zioten bakarrik Errepublikari", gogorarazi zuen Gutierrezek.

Plazatik Asentziorako bidea hartu zuten ibiltariek. Intxortako Atea izeneko monumentuaren aurrean, toki horren garrantzi estrategikoa azpimarratu zuen historialariak. "Matxinatuek Bilbora heldu gura zuten, hiria eta hango industria bereganatzeko. Horretarako Elgetatik pasa behar zuten. Gipuzkoan ez zuten arazo   handirik izan aurrera egiteko, Irunen salbu, eta pentsatzen zuten aurkari hauek ere laster gaindituko zituztela, baina ezustea hartu zuten, gogor eraso zietelako hemengo gudariek", azaldu zuen. "Etxeko eskopetez gain, Txekiatik ekarritako armak eskuratu zituzten gudariek eta gogor egin zieten aurre matxinoei. Ezintasuna erronka bihurtu zen matxinatuendako. Profesionalak ziren eurak, eta baserritarrak besteak, eta ezin zuten onartu eurak gainditzea", jarraitu zuen Gutierrezek.

Asentziotik, mendiko bidea hartu zuten ibiltariek. La Belga izeneko gunean, Belgikatik etorritako internazionalista talde baten laguntza gogoratu zuten eta Ansuategi baserri inguruan ere izan ziren, duela hiru bat urte fusilatutako lagun batzuen gorputzak agertu ziren tokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak