Martitzenean egindako osoko bilkuran onartu zuten ibilgailuen arautegia Udal Gobernuaren aldeko botoekin. Elgetako Abertzaleak taldeak jarritako lau alegazioei ezezkoa eman zieten eta talde horretako zinegotziek ez zuten onarpena babestu.
Ezezkoen arrazoiak
Oxel Erostarbe alkateak ezezkoen arrazoiak azaldu zituen. Berraondoko sarrera libre uzteari dagokionez, trafikoa sor dezakeela Salbador eta Lasao kaleetan arrazoitu zuen. Lasao kalean aparkatzen uzteari ere ezetza eman zioten, "hainbat eragozpen sortzen dituelako Salbador eta Lasao kaleotan". Medikuaren kontsultara joateko San Roke kalea zabalik izatearen gainean esan zuen arautegian jasota dagoela ondoezik daudenek baimena dutela autoz joateko, eta gaineratu zuen pibotea zabalik uzteak hainbat arrisku sortzen dituela San Roke kalean, "eskolara joateko pasoa delako".
Kamioiendako 10 tonatan jartzea baimen berezia eskatzeko topeari ezetza eman zioten, zoruan apurketak egin ditzaketelako. Eta Salbadorren, erosketak egin bitartean, autoa aparkatzeko eskaerari ere uko egin zioten "oinezkoen kalea" dela esanaz eta "arautegiak debekatu" egiten duela.
Abuztua, hilabete aproposa
Arautegia onartuta hilabete bukaeran jarriko dutela abian iragarri zuten, "posible bada, behintzat". Isunen kontua dago lotzeko oraindik, baina Jaurlaritzarekin berba eginda daukatela argitu zuen alkateak, "eurak egiten direlako kargu herri txikietan". Abuztua, gainera, hilabete aproposa izan daitekeela arautegia abian jartzeko uste dute, "herritarrak poliki-poliki ohitzen joateko". Baina aurretik, mandoak behar dituzten herritar guztiekin egongo dira. Hala, sei hilabeteko probaldiari emango diote hasiera.