Herritarren eta Udalaren arteko lotura estutzeko, 'Elgeta danon artian'

Mirian Biteri 2009ko ots. 2a, 12:33
Elgetan 2011ra arteko legealdian gauzatuko diren egitasmoen gainean, herritarren eskaerak eta iritziak kontutan hartzeko erabakia hartu dute; horretarako 68 galderaz osatutako inkesta proposatuz. Udalaren eta herritarren arteko lotura estutu gura izan dute, 'Elgeta danon artian' egitasmoarekin.

2011ra bitarteko legealdi planean zehaztutako ildo estrategikoak kontutan hartuta, diseinatu da inkesta bera ere, eta arlo horiek izan dira herritarrek aztertu dituztenak; hala nola, zerbitzuak, mugikortasuna, zaborra, aisialdia, garraioa, parte-hartzea, etxebizitza, hizkuntza, komertzioa eta herriko zerbitzuak; eta baita ura eta uraren kudeaketa.

Inkestan jasotakoaren arabera, elgetarrek begi onez ikusten dituzten gaien artean daude, esaterako, herritarrei ematen zaien arreta zerbitzua, kaleetako txukuntasuna, herritarren parte-hartzea, ur kalitatea eta ur saneamendu sistema.

Baina, bestetik, hainbat gai bultzatzeko ahalegin berezia  egin beharko litzatekeela uste dute inkesta egin dutenek. Horien artean dago, besteak beste, garraio publikoaren ugaritzea; izan ere, gehienek adierazi dute garraio publikoa lanera joateko edo aisialdirako erabiltzeaz gain, etxeko erosketak egitera kanpora irteteko ere erabiliko luketela. Horrekin hasita, baina, esan behar da, elgetarrek, aukeran, nahiago luketela herrian bertan komertzio espezializatuak izatea. 

Udalaren asmoak

Horren aurrean, Oxel Erostarbe alkateak adierazi digu dabiltzala herrian komertzioak zabaltzeko beharra sakonki aztertzen eta hori bideragarri egiten. Horretaz gain, Elgeta hobetzeko lehentasunen artean sartu dituzte kiroldegia egitea, udal eraikin batetan erretiratuendako egoitza finkatzea, kaleetan oinezkoek lehentasun osoa izatea, herrian aparkalekuak ipintzea, Asentzio sarreran aparkalekua egokitzea eta Asentzioraino bertaraino ibilgailuak sartzea debekatzea, wifia ipintzea, berritzen diren etxebizitza zaharren kopurua igotzea –izan ere gehienek uste dute etxebizitza nahikoa dagoela herrian–, edota herrian komertzio espezializatuak irekitzea. 

2009ko aurrekontuei begira

Elgetarrek adierazitako kezkei eta beharrei dagokienez, Oxel Erostarbek esan digu, horietako asko eguazten honetan bertan aurkeztuko diren 2009ko aurrekontuetan aurreikusita daudela. Hala nola, Asentzioko aparkalekua egitea, oinezkoen araudia finkatzea, kirol etxeko teilatua konpontzea, –hori Madrilgo Gobernuko diru laguntzekin egitea aurreikusten da– edota herriko aparkaleku faltari irtenbidea bilatzea. Gainontzeko gaiei, 2011ra bitarteko legealdian emango diete erantzuna.

Inkesten emaitzak positiboki baloratu ditu alkate Erostarbek, eta herritarren eta udalaren arteko "sintonia" nabarmendu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak