Martitzenean udaletxeko aretoan elkartu ziren ikasleak eta irakasleak Oxel Erostarbe alkatearekin eta Rebeka Ubera zinegotziarekin.
Ikasleek uraren azterketa egin ostean, jakinarazi zuten Maalako, Plazako, Espaloiko eta Kantoiko iturrietan ur emaria handiegia dela; Espaloiko iturria eta txorrota mugitu egiten dela eta zaborra pilatuta dagoela; Kantoiko iturriko txorrota baxuegia dela eta mugitu egiten dela; Torrealdeko iturriko pultsadorea oso txikia dela; eta Maalako iturriko txorrota mugitu egiten dela eta zikina dagoela. Denak ez ziren akatsak izan, ordea, Uriburuko, San Roke osteko eta Bolatokiko iturriak egoera onean aurkitu baitituzte.
Emaria eta presioa gutxitu
Udal ordezkariei proposamenak ere aurkeztu zizkieten: Kaleko eta tabernetako txorrotak konpontzea eta jendeari ura hobeto erabiltzeko gogoraraztea; urarendako bi tarifa ipintzea gehiago gastatzen duenak gehiago ordain dezan; iturrietako emariaren iraupena eta presioa gutxitzea; dirulaguntzak ematea ur gutxi erabiltzen duten etxe tresnak erosteko; hodietako ur galerak konpontzea; lehorte garaian loreak ez ureztatzea eta horretarako euri urak aprobetxatzea.
Alkateak ikasleei jakinarazi zien euren proposamenak kontuan hartuko dituztela eta egiteko modukoak direnak, iturriak konpontzea, esaterako, egiten saiatuko direla; baina neska mutikoek ere bete ditzatela eurek hartutako konpromisoak.
Datorren ikasturtean energia
Agenda 21 egitasmoan datorren ikasturtean zein gai landuko duten ere jakinarazi zien batzarraren ostean programaren arduradunak. Hortaz, energiaren inguruan egingo dute lan.