Herriko hiru arraunzalek euren kiniela eman digute domekako Kontxarako

Domekan urteko estropada garrantzitsuena jokatuko da Donostian eta Elgetatik jarraitzaile mordoa joango da. Herriko hiru jarraitzaileri euren kiniela egiteko eskatu diegu. Eta ausartu egin dira!

Mikel Romaneli - Castroren jarraitzailea

Ez du itxaropena galtzen, eta uste du itsaso txarrarekin posiblea dela bandera Castrok eramatea. "Itsaso lasaiarekin errezatu egin behar!", esan digu. Gehienez pare bat segundoko aldea egongo dela uste du. Nahikoa bandera eramateko. "Itsasoaren egoerak eta zozketan egokitzen zaigun kaleak berebiziko garrantzia izango dute domekan". Castrok aurten traineru bakarra atera izana erabaki ona izan dela uste du. "Jende gehiago dago aldaketak egiteko".

Bere kiniela: Castro, Kaiku, San Pedro, Hondarribia, Pedreña, Orio, Urdaibai eta Donostia Arraun.

Josu de Vega - Hondarribiaren jarraitzailea

Kaikuri ematen dio bandera De Vegak 12 segundoko aldearekin. "Hondarribiak maila ikaragarria erakutsi du aurten ere. Donostiako lehenengo estropadan irabazleen marka egin du. Pentsa nola dabiltzan aurretik daudenak!" Uste du gainera, Donostiako lehenengo estropada lan ikaragarria egin zuela San Pedroko traineruak. "Duten tripulazioarekin denbora hori egitea sekulako marka da". Itxaropena du, baina, Hondarribiak aurre hartuko diola bigarren estropadan.

Bere kiniela: Kaiku, Castro, Hondarribia, San Pedro, Pedreña, Orio, Urdaibai eta Donostia Arraun.

Eleder Lozano - Kaikuren jarraitzailea

Zortzi bat segundoko aldearekin Kaikuk irabaziko duela uste du. "Kortak asko daki eta lan handia egin du, teknikan batez ere. Ez nuen espero Kaiku halako ondo ibiltzea aurten". Duela 27 urte irabazi zuen Kaikuk azkeneko Kontxako bandera. Kortarekin kasu horretan ere. Lozanok ligako estropada guztiak ikusi ditu. "Bertatik bertara ez bada, telebistan". Domekan Kontxan izango da Eleder.

Bere kiniela: Kaiku, Castro, Hondarribia, San Pedro, Pedreña, Orio, Urdaibai eta Donostia Arraun.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.