Herriari eskerrak emateko festa antolatu du gaztetxeak zapaturako

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko ira. 27a, 21:23

Bazkaria, jokoak, umeen play-backa, pilota partiduak eta karaokea egingo dituzte. Gauean kontzertua egingo dute gaztetxean herriko bi abeslarik; Matx eta Anek.

Lapurreta egin zuten gaztetxean eta herriko jaietan kamiseten salmentatik ateratako dirua eraman zieten. Galerei aurre egiteko zozketa antolatzea otu zitzaien eta oso pozik daude herriak emandako erantzunarekin. "Komertzioen babesa handia izan da", esan digute gaztetxetik. "Hogei sari banatu ditugu antolatutako zozketan. Jendeak, bere aldetik,  zozketa-txartelak erosi egin ditu eta gure esker ona erakusteko zerbait eman nahi genion herriari. Horregatik antolatu dugu festa egun hau".


Askotariko ekintzak
Azken orduko aldaketak tarteko poteoarekin hasiko dute festa eguna bihar, zapatua, 13:00etan.
Ordubete beranduago, herri bazkaria egingo dute eta jarraian jokoak. Eguraldi onarekin herriko plazan egingo dute bazkaria. Jokoen artean sokatira saioa egingo dute, goiko kalekoak beheko kalekoen aurka.
Umeek ere izango dute festa egiteko aukera eurendako play- backa antolatu dute-eta gaztetxekoek. Kiroldegiko gimnasioan egingo dute 18:00etan hasita.
Eta iluntzerako pilota partidua antolatu dute herriko pilotalekuan. Azken orduko aldaketak tarteko pilota partidu bakarra izango da azkenean. Ez da gazteen arteko partidurik jokatuko eta helduen artekoa izango da egingo den norgehiagoka bakarra. 19:00etan emango diote hasiera ikuskizunari.

Gauean, Matx eta Ane
Egunari amaiera emateko herriko bi abeslarik kontzertua egingo dute gaztetxean. Matx eta Anek saio bana egingo dute 23:00etan. Amaitutakoan, gaztetxekoek karaokea antolatu dute nahi duen orok bere abilezia erakutsi dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak