"Lehen planeamendua zaharkituta geratu zen, eta plan berri baten beharra zegoen". Iban Retolaza hirigintza zinegotziaren hitzak dira, Elgetako herri guneko planeamendu berriaren –PER moduan ere da ezaguna– beharra azaltzen. Joan den azaroaren 4an egin zuten aurkezpena eta interes handia piztu zuen herritarren artean. Elgeta denon artian ekimenaren baitan dago.
Retolazak adierazi duenez, "erdiguneko lokal hutsen kopuru altuak eta eraikin esanguratsuen zaharberritzearen premiak" eragin dute plan berria egitea.
'Eraikin esanguratsuekin, zer?'
Elgetako eraikin esanguratsu batzuetako bizilagunek kezka agertu zuten, euren etxeen zaharberritzeak suposatuko zukeen gastua dela-eta. Izan ere, obra "handiak eta garestiak" dira. Edozelan ere, Udalaren asmoa da, Retolazak dioenez, bizilagunei "ahalik eta erraztasun gehien" ematea. Finean, halako lanekin "denok irabazten irtetea" gura dute.
Hiru obra nagusi
Plan berrian hiru obra dira Udalaren proposamenen artean nabarmentzen direnak: erdiguneko etxebizitzen berritzea, aparkaleku bat egokitzea eta babes ofizialeko etxebizitza bloke bi eraikitzea. Erdiguneko etxebizitzak berritzeaz gain, hutsik dauden eta gutxieneko baldintzak betetzen dituzten garaje eta ganbaretan etxebizitzak egitea ere gura dute.
Bestalde, aparkalekuari dagokionez, Zabala Hermanos lantokiaren ondoko lursailean aparkaleku bat egokitzeko asmoa ere badago. Aipatu eremua ez zen herri guneko plana zaharraren barruan sartzen; oraingoan Udalak eremua planaren barruan sartzeko erabakia hartu du. Lurrazpiko aparkalekuak egitea aurreikusten dute, eta pribatuak izango lirateke. Asmoa da lur gainean egokituko liratekeen aparkalekuak publikoak izatea. Eta azkenik, Malape etxea bota eta bertan babes ofizialeko etxeak –tasatuak izango lirateke– eraikitzea proposatu du Udalak.
Prozesu luzea
Herri guneko planeamendu berrian aurreikusten diren obrak martxan hasteko, baina, prozesu luzea dago oraindik. Herritarrek plana kontsulta dezakete abenduaren 16ra arte, eta euren kezka, iradokizun edota iritziak helarazi. Izan ere, Udalak planari izaera parte-hartzailea eman gura izan dio hasieratik.
Hortaz, abenduan Udalak ekarpenen azterketa egin ostean, otsailean hasiko litzateke planaren hasierako onarpena. Eta prozesua espero moduan badoa, uztailera arte ez da oraindik behin betiko onarpena egongo.