Uztailaren 3tik 6ra bitartean izango dira aurten herriko jaiak eta astelehenean bilera izan zuen Jai batzordeak Azoka Nagusiko jaiak antolatzeko.
Hainbat koadrilak proposatu du jaietako zapatua Herri Eguna izatea, eta ideiarekin aurrera egin dute. Hortaz, zapatuan koadrila giroa izango da nagusi herrian. Goizean hamaiketakoa egingo dute eta asto karrera izango da gero. Azken urteotako ohiturari eutsiz paella jana egingo dute ondoren. Bazkalostean izango da aldaketarik. Izan ere, orain arte jokoak egin izan dituzte, baina aurten erabaki dute erromeria egitea arratsaldean.
Egunari herri kutsua emateko pentsatu dute denek baserritar arropa janztea. Hori jakinarazi nahi diete Jai batzordetik herritarrei, arropa gertatzen joan daitezen eta ez daukatenek erosi edo eskura dezaten.
Barikua, ume eta erretiratuena
Jaietako gainontzeko egunetarako ekintzak gertatzen dihardute oraindik. Eguena mozorro eguna izango da orain artean bezala, eta domekan, berriz, azoka egingo dute.
Barikua erretiratuen eta umeen eguna izango da. Orain arte umeendako ekintzak antolatzen ziren eguen arratsalderako eta bariku goizerako, eta orain, dena barikura pasatu nahi dute.