Haurtzaindegiak arrakasta izan du herrian, 11 ume daude izena emanda

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko ots. 2a, 17:00
Hiru ikasturte nahikoa izan dira herriko haurtzaindegia betetzeko eta, horretaz, zerbitzua herrian beharrezkoa dela ikusteko

Egun sei ume zaintzen dituzte Elgetako haurtzaindegian Laura Martin eta Elbira Gonzalezek. Otsailetik aurrera, ordea, kopuru hori ia bikoiztu egingo da. Otsaileko matrikulazio epean bost eskaera berri jaso dituzte-eta. Guztiak onartuak izango direlakoan daude.
Duela hiru urte zabaldu zituen ateak Elgetako haurtzaindegiak. Orduan, zalantza handiak izan ziren zerbitzu berriaren aldeko apustua egin ala ez. Orain, argi gelditzen da Elgetan haurtzaindegia beharrezkoa dela.
hamar umetik gora
Haurtzaindegia herri eskolako gela batean dago gaur egun. Zabaldu zenean adostu zen gehienez hamar ume hartuko zirela bertan. Dagoeneko gainditu da kopuru hori, baina ume bakar bat gehiago izanik egungo lokalean aurrera jarraitzea erabaki da. Otsailetik aurrera, beraz, ume gehiago izango dituzte zaintzapean Laurak eta Elbirak.


Aldaketak laster
Zaindu beharreko ume kopurua ia bikoitza izanik laguntzaile bat gehiago eskatuko dute Laura eta Elbirak. "Guztiak goizez etorriko dira eta errefortzu moduan beste pertsona bat beharko dugu lanaldi erdian besterik ez bada", esan diote GOIENKARIAri.
Udalaren asmoa da etorkizunean haurtzaindegia egun eraikitzen ari diren Torrealdeako babes ofizialeko etxebizitzen azpira eramatea. Gela handiago eta erosoago batera. Patxi Basauri alkateak kalkulatzen du abendu amaiera ingururako amaituta egongo direla etxe horiek. Orduan hasi beharko dute, beraz, haurtzaindegi berriaren proiektuarekin.
Laster, beraz, Elgetako haurtzaindegiko sei umeek lagun gehiago izango dituzte jolasean egiteko. Haurtzaindegiaren arrakasta ikusita pozik egoteko moduan daude duela hiru urte proiektu honen alde hainbeste lan egin zuten pertsona guztiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak