Pikotxa eta pala astintzen ikusi ditugu gaur arratsaldean Haur Hezkuntzako umeak Bolatoki inguruan. Udalak Herri Eskolarekin batera antolatuta Zuhaitz Eguna egin dute eta guztira 15 zuhaitz landatu dituzte Bolatoki inguruko belardian.
Irakasleen, Rebeka Ubera hezkuntza zinegotziaren eta bi udal langileen laguntzarekin egin dituzte landaketok. Gertu aurkitu dituzte zuloak belardian. Lurra zertxobait arrotu, zuhaitzak kokatu eta lurrez estaltzea izan da euren zeregina. Orain zuhaitz horiek zaintzeko konpromisoa hartu dute. Landare gazteak direnez, udal langileek hesiak ipini dizkiete babestuagoak egoteko.