Elgetako haurreskolak orain arteko lokal berean eman dio hasiera ikasturteari, herri eskolako eraikinean, hain zuzen ere. Laura Martin da aurten ere bertako koordinatzailea eta atzo hasi zuen ikasturtea 0-2 urteko umeekin. Bien bitartean, Torrealdeko haurreskola berrian laster hasiko dira lanak, "egunotan" Oxel Erostarbe alkateak esandakoaren arabera.
Aurrekontua, 282.000 euro
Udaletxetik jakinarazi dute aste honetan batuko direla batzorde batean lanak egingo dituen Amaral de Sousa enpresako arduradunak, obra zuzendaritza eta Udal ordezkariak lanen lehenengo egutegi bat finkatzeko. "Leku berean haurreskola, ludoteka eta gaztelekua egingo direnez adostu nahi dugu gauzak zein ordenetan egingo diren eta lehentasunak zeintzuk diren", adierazi du Erostarbek.