Espainiako gerran Euskal Frentearen defentsarako gune garrantzitsuenetakoa izan zen Intxorta ingurua berreskuratzeko eta ezagutzera emateko ibilbide tematikoa prestatzea erabaki zuten Intxorta 1937 kultur elkarteak eta Elgetako udalak, eta ekimenarekin bat egin dute hainbat elgetarrek.
Lauzpabost kilometroko ibilbidea izango da. Panelak ere jarriko dituzte, eta informazioa eta argazkiak ipiniko dituzte horietan, tokian tokiko berezitasunen berri emateko. Baina lanok aurrerago egingo dituzte, oraingoz lubaki eta gordeleku izan ziren inguruak garbitzen hasi ziren atzo, eta biharko amaituko omen dute egin beharrekoa.
Elgetar boluntarioek eta Aranzadiko kideek lanok amaitzen dituztenean, gerra garaiko aztarna bila jarraituko dute. Bala-zorroak, lehergailu hondarrak... horrelakoak aurkitzea da asmoa, baina ez da lan erraza izango; dituzten planoek ez dituzte zehaztasun guztiak jasotzen, eta lekukotasun asko ere ez dira nahi beste argiak.
Jarraian dituzue, Xabier Gabiñak, Elgetako Udaleko Kirol, Kultura eta Turismo teknikariak Arrasate Irratian, ekimenaren gainean emandako azalpenak entzungai.