Gutxi barru zerbitzu berria emango dute herriko botikan

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko mai. 31a, 00:25
Botikak egunero hartu behar dituztenei jarraipen zerbitzua eskainiko diete botikan. Osakidetzak eskaintzen duen zerbitzu da, eta eskatzea erabaki du Udalak; etxez etxeko laguntza jasotzen dutenendako doan izango da.

Elena Elkoro eta Amaia Garitano botikariek zerbitzu berria eskainiko dute laster; jarraipena egingo diete tratamenduren bat jarraitu behar duten herritarrei.
     "Zerbitzua borondatezkoa da eta eskatu egin behar", argitu du Elena Elkorok. "Printzipioz gaixotasun kronikoak dituzten eta adinean aurrera egin duten herritarrendako pentsatua dago", esan du. "Euren kabuz moldatzeko erabateko gaitasuna ez dutelako edo bestelako arrazoiengatik botikak erabiltzeko eta kontrolatzeko zailtasunak dituzte hainbat pertsonak", esan du Elkorok. "Errezetak etxean iraungi egiten zaizkie, edo botikak erosten dituzte eta ez dituzte hartzen. Gertatzen da ere botikak nahastea eta txarto hartzea... egoera horiek identifikatzea eta konpontzea da zerbitzu berriaren helburua", adierazi du botikariak.

Eskatu egin behar da

Zerbitzua doan izango da etxez etxeko laguntza jasotzen duten herritarrendako, baina udal gizarte zerbitzuen bitartez bideratuko da. Gainerakoek ere zerbitzu hori eskatu dezakete botikan bertan. Prezioa, horiendako, hileko 30 euro da.

Botikara, astean behin

"Gure lehenengo lana izango da gaixoarekin edo bere arduradunarekin elkartzea eta etxean dituen botika eta errezeta guztiak batzea", esan du Elkorok. "Konprobatuko dugu bere tratamendua zein den eta botikak ondo hartzen dituen. Hortik aurrera astean behin etorriko da botikara eta zazpi egunerako prestatu diogun blisterra edo pastilleroa eramango du etxera. Hustutakoak botikara ekarri beharko ditu". Zerbitzu berriaren helburua da tratamenduan dagoenari gauzak erraztea, eta bide batez botiken kontsumoa  egokia dela ziurtatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak