Gudariak omenduko dituzte gaur, Elgeta frankisten esku erori zeneko urteurrenean

Asier Alkorta 2009ko api. 24a, 13:06
Gaur, apirilak 24, Elgeta frankisten esku erori zeneko urteurrena betetzen da. Hain zuzen ere, 1937ko apirilaren 24an izan zen hori. Urteurrenaren harira, lore eskaintzak egingo dituzte orduko gudarien omenez, 19:00etan, Salbador elizaren ondoan dagoen monolitoan eta Intxortako Atean. Atzo, eguena, Elgetako Sesto Gain baserriko krimenaren lekukotasuna jasotzen duen bideoa argitaratu zuten Sustatu.com webgunean, haren lekuko eta biktima izandako Anttoni Telleriak kontatua 2003an. Hona ekarri nahi izan dugu bide hori.

Sustatu.com, Gerrako krimen baten urteurrena; Anttoni Telleriaren lekukotasuna.

Elgetako frontea

Elgeta eta, batez ere, Intxorta, leku esanguratsuak izan ziren 1936an hasi zen Espainiako Gerran. Francoren gudarosteen eta errepublikarren arteko borrokak sei hilabete iraun zuen han, azkenean 1937ko apirilaren 24an Elgeta frankisten esku erori zen arte. Frankistak Elgetara sartu zirenean, 20 lagun fusilatu eta hainbat aldrebeskeria egin zituzten herrian.

Bada, orain, memoria historikoa bizirauteko leku bihurtuko da Elgeta. Hori ahalbidetzeko, eguaztenean aurkeztu zuten Espaloia antzokian Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 kultura elkarteak Gerra Zibila Euskal Herrian: Ibilbide tematikoa Intxortaren magalean delako proiektua, joan den domekan herritarrei zabaldu eta gero.

Lubakiak eta gotorlekuak

Proiektuaren helburua da, modu hezitzaile eta erakargarri baten –turistendako eta kanpoko bisitariendako pentsatuta ere baitago–, aukera ematea Elgetako fronteko leku eta gertakariak ezagutzeko. Horretarako, ibilbide didaktiko bat diseinatu dute. Espaloia antzokian harrera bat egokituko dute, eta gerraren gaineko informazio orokorra emango dute. Kanpoaldean, umeendako gune bat, aparkalekuak, aisialdirako gunea… egongo dira, eta hortik aurrera ibilbidea egin ahal izango dute bisitariek. Oinez egitekoa da, bost bat kilometrokoa eta bi ordu eta erdi inguruan egiteko modukoa. Bisitariek Elgetako fronteko leku esanguratsuenak ikusi eta, euskarazko eta espainolezko panel batzuen bidez, irudiak eta testu labur batzuk irakurri ahal izango dituzte.

Asmoa da gune horiek zeuden moduan egokitzea. Horretarako, Elgetako Udala lur-eremu batzuk erosi eta beste batzuk erabiltzeko hitzarmenak lantzen dabil; batez ere, lubakiak eta gotorlekuak zeuden guneak dira horiek.

Proiektua egiteko, 383.122 euroko aurrekontua du Udalak.

Oxel Erostarbe alkateak dioenez, "atzera begiratzea eta gerrako sufrimenduaz ohartzea da helburua; orduan sufritu zutenei errekonozimendua egitea eta ordukotik ikastea, berriro gerta ez dadin".

Elgeta frankistek hartu zuten urteurrenean, ekitaldi gehiago izango da: etzi, domeka, plazatik Intxortara joango dira udal ordezkariak eta herritarrak, 18:30 inguruan, eta lore eskaintza egingo dute orduko gudarien oroimenez; handik Salbadorreko monolitora egingo dute, eta gauza bera egingo dute, hildako zibilen omenez.

Biktima guztien argazkiak

Proiektua ez da hor bukatzen: gerra hartan hil edo desagertu ziren euskal herritar guztien argazkiak eta izenak batu nahi dituzte Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 elkarteak, eta jendaurrean ipini. Hala ere, arduradunek onartzen dute luze joko duela horrek, desagertuak asko direlako edo informazioa ere galduta dagoelako.

Oro har, proiektu osoa ez da egun batetik bestera egitekoa, baina lehenengo urratsa emanda dago.

Belgikako miliziano batzuen oparia Elgetako gudariei

Bisitaria datuz ez itotzekoak, baina interesa piztu eta informazio gehiago bilatzera gonbidatzeko panelak jarriko dira.

Garrantzitsuenetako bat da La Belga izeneko gunea, Asentzio ermita inguruan. Metrailadore bat ekarri zuten 1936ko urrian ikasle belgikar batzuek. Inork ez du gogoratzen zelan zuten izena, noiz iritsi ziren, edo euren filiazioa. Baina ekarri zutena, metrailadorea, oso garrantzitsua izan zen errepublikarrendako. Frontea egonkortu ondoren, desagertu egin ziren, arrastorik utzi gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak