Hiru lan ildo ditu proiektu horrek: ibilbidearen harreragunea, Espaloia antzokian egongo dena; ibilbidea bera; eta 1936ko gerraren gaineko panelak ipintzea. Bada, harreraguneko lanak hasita daude, panelen diseinua oraingo astean bukatzekoak ziren, eta ibilbideko lanak eguraldiak laguntzen duenean hasiko dituzte, Elgetako alkate Oxel Erostarbek laburtzen duen moduan. Dena ondo bidean, apirilerako, hilabete esanguratsua gerraren historian Elgetan, emaitza batzuk ikusi ahal izango dira.
Herritarrei deia
Harreraguneak bi espazio izango ditu: beheko aldean maketa egongo da, eta goiko gelan panel informatiboak, Izen Guztiak, Aurpegi Guztiak gunea Debagoieneko errepresaliatu guztien argazki eta izenarekin, bideo gela eta hainbat erakusketa-bitrina.
Bitrina horietan, besteak beste, gerra garaiko elementuak erakutsiko dituzte, eta, alkatearen esanetan, hainbat herritarrek laga egingo diote Udalari daukaten materiala. Halako objektuak dituztenei dei egiten die Udalak eurekin harremanetan jartzeko, materiala uzteko gertu baldin badaude.