Gerrako miliziano, gudari eta biktimei omenaldia egin diete Intxortako Atean

Iker Barandiaran 2009ko urr. 4a, 20:59
Jende asko batu da gaur eguerdian Elgetan dagoen Intxortako Atean, Lau Haizetara Gogoan-ek, Intxorta 1937 Kultura Elkarteak eta Elgetako Udalak egindako deiari kasu eginda.

Ez zen harritzekoa hainbeste jende ikustea; izan ere, Espainiako Gerra bizi izan dutenei eta haien senide eta lagunei egin diete gonbidapena. Hala, adin eta ideologia askotako jendea batu da. Han ikus zitezkeen CNT, Errepublika, PCE-EPK, EAE-ANV, Gazte Komunistak, Euskal Herriko Antifaxistak eta Euskal Presoak Euskal Herrira leloak zeuzkaten bandera eta ikurrinak, besteak beste. Horrez gain, ibarreko hainbat udaletako ordezkariak ere ekitaldian izan dira.

Garaituak, ez konbentzituak

Ekitaldi hunkigarria izan zen, gaiak jende askorengan eragiten duelako, sufrimendu asko barneratuta dagoelako eta baita une gogor haiek bizitakoek eta  senideek ere esku hartu dutelako.

Arrasateko Zutik-eko zinegotzi eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kide Julia Monjek Isilpeko emakumeen aldeko hitzak izan ditu: "Ezin dugu ahaztu faxisten genozidioan emakumeek ere sufritu zutena; hala nola, bortxaketak, ile mozketak, errizino-olioaren tratamenduak, diru barik eta alargun familia handiak aurrera atera behar izatea... Haien testigantzak ere jaso behar ditugu, eta haiena ere ezagutzera eman".

Horren ostean, frankistek aita fusilatu zioten Jose Luis Uribesalgo arrasatearrak gogo betez abestu du erbestean behin eta berriro kantatutako abesti hunkigarri bat.

Hari Bilboko Felix Padin gudariak hartu dio hitza. Otxandion borrokatu zuen eta gero preso hartu zuten. Padinek 93 urte dituen arren, testigantza gogorra azaldu du; eta ez hori bakarrik: frankismoaren eta gaur egungo gobernuen kontrako hitz gogorrak izan ditu, "batzuen bidegabekeriak besteek estaltzen dituztelako". Horrez gain, azpimarratu du garaituak izan zirela, baina ez konbentzituak; eta ez duela mendeku ezta gorrotorik gura, egia eta justizia baizik.

Elgetako alkate Oxel Erostarbek eta Lau Haizetara Gogoan-eko Xabier Zubizarretak ere hitz egin dute, hurrenez hurren. Biek azpimarratu dute Egiaren batzordea eratzeko premia handia dagoela; eta Gerran sufritu zutenak ere biktimak direla. Zubizarretak zigorgabetasunari harresiak jartzeko eskatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak