Baztertutako taldeei begirako prebentzioan, arretan eta hauen gizarteratze integrala lortzeko lanean diharduen elkartea da Arrats. Gaztetxoekin zenbaitetan sortzen diren arazoen gainean jarduteko Elgetako Udala harremanetan zegoen lehendik elkartearekin, eta atzo iluntzerako hitzaldia zuten antolatuta. Gertatu da, dena den, azkenaldian hainbat apurketa izan direla herrian: patronatuko eraikinean, eskola zaharrean, pilotalekuan, kultura etxean, Maala parkean... eta Udalak aprobetxatu gura izan du antolatutako hitzaldia, bereziki 12 eta 18 urte arteko neska-mutikoak dituzten gurasoak gonbidatzeko, jakin dezaten, besteak beste, ze ondorio izan ditzaketen gaztetxoen gaiztakeriek: "Ertzaintza sartu daiteke tartean, salaketak izaten dira, epaitegiak... Adinez txikia bada aske geratzen da, baina bigarren aldiz egiten badu edo egindakoa larria bada talde psikosoziala sartzen dara bere bizitzan. Era askotako zigorrak jaso ditzake", zioen Jose Mari Larrañaga Arrats elkarteko kideak.
Horrelako egoera baten aurrean nola jokatu ere azaldu zieten Arrats elkarteko kideek bilerara joandako gurasoei. Haiekin batera, han izan zen baita ere Edurne Alberdi, Elgetako Udaleko Ongizate batzordeko burua. Azkenaldian herrian gertatutakoen gainean, lanean ari direla adierazi zuen Alberdik: "Gaztetxo batzuk harrapatu ditugu ekintza txiki batean. Gurasoekin egon gara eta laguntzeko prest agertu dira, euren seme-alabendako onena gura izatea da-eta normalena. Elkarlanean ari gara".
Gaztetxo horiek eragindako kaltea konpontzen jarri ditu Udalak, Alberdiren arabera txikitatik jakin dezaten gaizki egindakoek eurendako ere ondorioak izan ditzaketela.