Gaztetxearen urtemugan kirola, bazkaria eta dantza

Larraitz Zeberio Lekuona 2010eko martxoaren 21a

Ekitaldi nagusiak zapatuan egin dituzte; bezperan AHTri buruzko bi bideo ikusi zituzten.

Badira 14 urte Elgetako gaztetxea martxan dela. Urteroko hitzordua da urteurrena ospatzea, eta aurten ere ez dute hutsik egin. Ekitaldi nagusiak zapatuan egin dituzte, baina bezperan bideo emanaldia egin zuten gaztetxean. Bi dokumental ikusi zituzten. Lehenengoan Italiako Val di Susso zonaldean tren lasterraren proiektuaren inguruan sortutako erresistentzia eta istiluak izan zituzten ikusgai. Bigarrenak, gertuagotik ezagutzen dugun AHTren proiektua zuen jomuga.

Intxortara igoera

Bigarren urtea da gaztetxeak lehen herriko jaietan egiten zen igoera berreskuratu duela. Aurten, hiru lasterkarik egin dute. 10:00ak jota abiatu ziren Salbador kaletik gora.
Txomin de Vega izan da, aurten, azkarrena. 24 minutuan egin zuen Intxortara joan-etorria Herriko plazatik abiatuta. Bigarren, minutu bateko aldearekin, Sebastian Arantzabal iritsi zen helmugara. Hirugarren, David Peñalverrek egin zuen.
De Vegak igotzen hasi eta gutxira jo zuen erasoa. Laster atera zien aurrea beste bi lasterkariei eta alde hori helmugara iritsi arte mantentzea lortu zuen. Gauzak estuago egon ziren hasiera baten behintzat Arantzabalen eta Peñalverren artean. Zabaletakoak aurrera egitea erabaki zuenean, ordea, laster utzi zuen atzean Peñalver. Irabazleak bazkarirako txartelak eskuratu zituen.

Poteoa, bazkaria eta dantzaldia

Eguerdian eta trikiti doinuek erakarrita, poteoa egin zuten herrian hainbat lagunek. Izen handiko bi bertsolari izan zituzten gainera lagun; Sustrai Colina urruñarra eta Iker Zubeldia zegamarra. Bertsolarien adar jotze eta txantxen artean egin zuten herriko tabernen bueltan bazkaltzeko ordua iritsi bitartean. Gaztetxeko trikitilarien lana ere aipatzekoa da.
     Gosetuta, eta poteoarekin alaituta gaztetxera jo zuten urteurreneko bazkaria egitera. Eguraldiaren ezegonkortasuna ikusita, gainera, gaztetxe barruan egin dute aurten bazkaria. Lagunarteko bazkaria izan zen, eta Sustrai Colina zein Iker Zubeldia bertsolariek lan polita egin zuten bazkalondoa alaitzen. Bazkaria egindako leku berean egin zuen kontzertua, gauean, Akerbeltz taldeak. Afari pasada eginda dantzari ekin zioten gaztetxean bildutakoek. Akerbeltz taldeak euskal kantu herrikoiak jotzen ditu; eta erakustaldi ederra egin zuen zapatuan Elgetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak