Gazterik ez, eta Arantzeta hutsik geldituko dela uste dute auzotarrek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko urr. 14a, 23:16
Pozik daude udan errepidea konpondu dietelako, baina kezkatuta jarraitzen dute auzorako sarrerarekin. Isabel Ojangurenekin eta Antonia Arantzabalekin izan gara.


Arazo nagusia errepidea izan da azkeneko urteetan, baina orain konponduta dago. Pozik zaudete?
Bai, hala da, udan egin dituzte lanok. Aspalditik genbiltzan errepidea konpontzeko eskatzen, eta egia esan esperantza barik geunden. Firmak batzen ere hasi ginen... baina halako batean langileak etorri ziren eta konpontzen hasi ziren. 40 urte behintzat izango dira errepidea bere horretan zegoela. Diputazioarena da errepidea, eta eurak arduratu dira konpontze lanekin.

Beste kezka bat auzora dagoen sarrera txarra omen da. Hala da?
Bai, goitik –Elgetatik– zatozela sarrera ez da batere ona. Kurba batean dago auzorako sarrera eta egia esan ez da egokia. Susto asko izan ditugu; azken momentuko frenaketak, batez ere.
Bestalde, telefonoarekin ere arazoak izaten ditugu. Linea basotik dator, auskalo zela, eta horren ondorioz beti ez da ondo entzuten.

Arantzeta auzo txikia da; auzotar gutxi zarete eta gehienak nagusiak. Auzoa hutsik geratzeko beldurrik baduzue?
Bai, beldurra badugu; kontuan hartu auzoan bizi garen ia gehienak nagusiak garela, 40 urtetik gorakoak izango gara ia denak. Gazteak ez badira etortzen, hutsik geratuko da auzoa.
Garaieran dagoen auzoa izanik, arazoak izaten dituzue neguan elurrarekin?
Ez, makinak pasatzen dira elurra kentzera eta ez dugu arazorik izaten.

Auzoan bi ermita txiki dituzue. Zeintzuk dira horiek?
San Martin ermita Ojanguren baserri ondoan dago. Lehen gorago zegoen baina orain urte batzuk hona ekarri genuen. Bestalde, San Blas ermita dago, Iturri baserriaren goialdean.
San Martin hurrengo domekan egiten dugu meza ermitan; sasoi batean, garia bedeinkatzera ekartzen zen egun horretan. Gaur egun, familian ospatzen dugu eguna.

Garai batean argia egiten zen auzoan. Nola zen hori?
Errekalde baserrian zegoen errotaren presioarekin sortzen zen argia. Braulio eta Pedro aita semeak ibiltzen ziren. Gogoan dugu uraren presioa jaisten zen heinean, argia poliki-poliki itzali egiten zela. Bestalde, Pedro kaminero lanetan ere ibili zen.

Baserri ikusgarriak ere badaude auzoan!
Ojanguren baserria orain dela 400 urte ingurukoa izango da. Leinu-etxea omen da. Behin, Peruko mutil bat, Ojanguren abizenduna etorri zitzaigun bisitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak