Hasi da ikasturtea Elgetako haurreskolan. Lehenengo aldiz bere behin betiko egoitzan egongo da zerbitzu hori. Egoitza berriari esker, gainera, orain arte baino 13 plaza gehiago eskainiko ditu, guztira 23 ume har ditzake-eta.
Ikasturte hasiera honetan bost umek inauguratu dute lokal berria, baina gehiago izan daitezke hil honetan bertan zabalduko dute-eta hurrengo izenemate epea. Kasu honetan, zerbitzua azaroan, abenduan, urtarrilean edo otsailean erabiltzen hastekoak diren umeei zuzendua.
Haurreskola berriak hiru gune ezberdin dituela esan daiteke. Bata 0-1 urte bitarteko umeendako, bestea 1-2 urte bitartekoendako eta azkena kanpoko aldeko jolasgunea edo patioa. Horretaz gain, lokalaren beste aldean ludoteka eta gaztelekua egokituko dituzte.